MALTA MOTAK: Crystal Malta

Crystal malta oraindik hezetasuna duen garagar malta txigortu baina lehen beratze tenperaturetan (65-75 ºC inguruan) berotuta lortzen da. Oraindik hezea dagoen malta honetan almidoiaren hidrolizazioa ematen da tenperatura horietan, azukrea sortuz eta honen karamelizazioa emanez. Malteatze prozesua txigorketarekin bukatzen da, azken prozesu honen denbora desberdinek Crystal malta mota desberdinak emango dizkigularik: Crystal malta argia, crystal malta ertaina eta Crystal malta iluna.

Crystal malta ilunaKolorea: Esan bezala kolore desberdinetako Crystal maltak aurki ditzakegu. Argiak 40-80 EBC bitartean, ertaina 90-150 EBC bitartean eta Crystal malta ilunak 160-250 EBC artean ditu.

Erabilera: Garagardo estilo desberdinak ekoizteko erabiltzen da malta mota hau. Ehuneko desberdinetan amerikar garagardo gorriak, Pale Ale, amerikar IPA, bitter ingelesak, munich lager iluna etab. bezalako garagardo estilo zabal batetan erabilia.

Ehunekoa: Malta kargaren %15-20 gehienez.

Ezaugarriak: Crystal malta mota eta kopuruaren arabera, kolore gorrixka argi edo ilunago bat gehitu diezaiokegu garagardoari. Hartzi ez daitezkeen azukre ugari ditu, garagardoari gozotasun puntu bat eman eta gorputza gehitzen diona. Era berean, oso lupulatuak diren garagardoetan gehitu ezkero, garagardo orekatuago bat lortzen laguntzen du. Karamelu, gaileta eta antzeko zaporeak ematen ditu, crystal malta mota bakoitzak ezaugarri desberdinak dituelarik.

DENDAK: Birrak (Gasteiz, Araba)

Gasteiztarrak zein bertara inguratzen direnak zorteko dira joan den Apirilak 12az geroztik garagardo denda espezializatu bat baitago. Aitor da denda ireki duen gasteiztarra hirian garagardo dendarik ez zegoela ikusi ondoren.birraklu

Betidanik izan omen da garagardozalea eta denda irekitzearen ideia burura etorri zitzaion momentutik denda ireki duen arte 3 hilabete besterik ez dira pasa.

Kokapena: Ramiro de Maeztu 1, Gasteiz

Ordutegia: Astelehenetik – Larunbatera: 11:00 – 14:00 eta 17:00-21:00 era.

Garagardo mota zein herrialde desberdinetako 340 erreferentzia desberdin ditu. Euskal artisau garagardoei dagokienez, hurrengo markak aurkitu ditzakegu: Naparbier, Baias, Zerb, Falken eta Olbea. Bertako garagardoak eskaintzen dituenez, Localbier.com artisau garagardo bilatzailean aurki dezakegu Birrak denda.

Birrak dendako garagardoak birrak.com2

Atzerriko garagardo ugari aurki ditzakegu baita; Brewdog, Mikkeller, To ol, Anchor, Thornbridge, Anderson Valley…etab. luze bat. Estiloei dagokienez anitztasuna da baita nagusi; lager, amerikar Pale Ale eta IPA-k, garizko garagardoak, belgikako garagardo estilo desberdinak, ingalaterrako bitter-ak… Birrak dendako ikuspegi

Hurrengo hilabeterako 400 erreferentzia desberdin izango ditu, The Kernel, De Molen eta beste zenbait ekoizleen garagardoak eskainiz.

Aitorren hitzetan, “Birrak” denda ireki duenetik jendeak gehien eskatzen dituen garagardoak garizko alemaniarrak, Olbea aguraindarra eta Falken-en 1up dira.

Zorte on eta eskerrik asko “Birrak” bezalako proiektu bat Gasteiz hirian martxan jartzeagatik!

BERRIAK: Txirrintxa garagardotegiak ateak ireki ditu Iruñan

Joan den astean ireki zituen bere ateak Iruñan Txintxarra garagardotegiak. Nafarroako artisau garagardoaren (% 90) eskaintza da proiektu berri honek duen ezaugarrietako bat, baina ez da bakarra.

Hiru bazkide dira Txirrintxa martxan jarri dutenak: Jorge Goicoechea, Berbinzanakoa; Emilio Valerio, Dicastillo-koa; eta Alfonso Cía, Azcona-koa.

Bi solairu ditu, behekoak 140m2 eta goikoak 100 m2 dituztelarik. Taberna-kafetegi ordutegia du, gaueko 00.30-k arte irekiz astean zehar eta 02.30-ak arte asteburutan.

Bertan salduko diren garagardoak La Vasconia (ekoizpen propioa), MorlacoBeer eta Naparbier nafarrak dira. Bertako artisau garagardoak eskaintzen dituztenez, Localbier.com artisau garagardo bilatzailean aurkitzen da sartuta Txirrintxa.

txir txir2

Proiektu hau La Vasconia garagardo marka bezala ezagutuko den garagardo fabrika baten proiektu baten lehen hurratsa da. La Vasconia garagardoa Dicastillo-n 3 milioi euroko inbertsio bat eginez sorturiko ekoizpen puntu bat izango da, abadia estiloko artisau garagardoa egiteko asmoa duena. Esan bezala, Txirrintxa, garagardo enpresa honen estrategia barruan sortutako salmenta puntu propioa da, eta helburua beste hiri batzuetan garagardotegi propio gehiago zabaltzea da, beraien garagardo ekoizpenari irteera emanez.

Txirrintxak 1000 litro gordetzeko ahalmenta duten 3 zerbitzatze ontzi ditu, non garagardoa zuzenean grifoetara joaten den.Garagardoa Dicastilloko fabrikan ekoiztu eta 1000 litroko ontziak erabiliz (kamioetan) tabernaraino garraiatuko dute. Oraintxe bertan duten garagardoa Toledon ekoiztutakoa da, baina helburua beraien fabrika berrian ekoiztea da.

Zorte ona opa dizuegi hemendik Txirrintxa zein La Vasconia proiektuekin!

Argazkiak: Txirrintxaren Twitter-etik hartua

Garagardo Ahotsa blogaren III. urteurrena!

Atzo, Apirilak 18, Garagardo Ahotsa blogaren III. urteurrena izan zen. Hirugarren urte honetan ere garagardoaren inguruko kontu asko elkarbanatu ditugu zuekin. Aurtengo sarrera aipagarrienen errepasoa duzue hemen:

Lehengaien atalean lupulu barietate zein malta mota berriak ikusi ditugu. Galaxy, Centennial, Chinook eta Motueka lupuluak alde batetik, eta gari malta, malta marroia eta malta beltza bestetik.

Garagardo estilo gehiago aurkeztu ditugu; Porter, Amerikar IPA eta Amerikar Ale gorria.

Euskal Herrian sortu diren artisau garagardo proiektu desberdinen berri eman dugu: Olañeta, Gross, Zerb… besteak beste.

Bertako ekoizleez gain, Ingalaterrako enpresa desberdinak ere izan ditugu gure artean: Meantime, Redchurch, The Foundry, Moncada. Ezin ahaztuko dugu baita Truman´s enpresako garagardogileekin izandako elkarrizketa.

Garagardo ekoizleak oso garrantzitsuak dira blogarentzat, baina baita gure inguruan garagardo interesgarriak eskaintzen dituzten taberna eta dendak ere. Horregatik, Iruñako Manneken Beer tabernak 9 garagardo grifo  jarri zituela kontatu genizuen, Irungo Boulevard tabernak beraien ekintzen artean antolatutako To ol garagardoen dastaketa– ren berri eman dugu. Donostiako Never-Stop tabernan ospatu behar zen Basqueland Brewing Project proiektuaren garagardo berrien aurkezpena zein Manneken Beer-en Nogne ekoizlearen bisitaren berri eman genuen, Beasaingo Hiruki tabernak bertako artisau garagardoen alde eginiko apustuaren berri eman dugu. Garagardo dendei dagokienez, Donostiako “El Txoko de las Cervezas” izan dugu.

Urtean zehar izan ditugun garagardo jaialdi desberdinen bozgorailuetako bat izan gara: Donostiako “Mikro Brew Festival”, Bilboko “Beerbaofest”, “Antxobeerfest”

Garagardo munduaren inguruko berri desberdinak elkarbanatu ditugu: Koka landareaz eginiko garagardoarena, etxean garagardoa egiteko lupulu.com webguneak eskainitako errezeta berriak, Ingalaterrako garagardo denda baten almazenetan eginiko 16000 Brewdog botilen lapurreta, Localbier.com artisau garagardo bilatzailearen sorrera, bilatzaile honek partaidetza irekiaz eginiko erabakiak, The Indezents-ek Localbier-i eginiko aurkezpen bideoa.

Idatzizko informazioa emateaz gain, Ikus-entzunezko formatuan Sam eta Julio garagardo ekoizleen elkarrizketak ikusi ditugu.

Akorde zaporea atalean Urriko Mozkorrak eta Freaky Festa abestiak entzun ditugu. Kantuz ere, baina beertsotan aritu da  gure lagun Garikoitz garagardoaren lehengai eta hartzidurari buruz.

Bitxikeriak oso gustuko ditugu eta lagunentzat artisau garagardoa ordainduta uzteko hedatzen hasi den joera, zein garagardoa tabernatik etxera eramatekoarena ezagutu ditugu.

Etxean edateko ditudan garagardoak zein diren “aste honetan hozkailuan dudana” atalean erakutsi dut noizbeinka eta 2013.urtean gustura edandako garagardoen inguruan ere labur-labur aritu.

Garagardo munduarekiko dugun frikismo hau bloga baina harago doa, eta artisau garagardoaren mugimenduak interes pixka bat sortu duela hedabideetan dirudi eta honen inguruan ETB1-eko Airean zein irratiko Faktoria saioetan parte hartzeko aukera izan dugu. Gaitz honek Londresen ospatu den gluten gabeko garagardo txapelketan epaimahi bezala parte hartzeko aukera eman digu.

Hau guztia, zuekin eta EUSKARAZ elkarbanatu dugu!

Zuengatik, artisau garagardo mugimenduagatik, eta bereziki atzo urteak bete zituen nire anaia Enekorengatik…

IMG_0102

TOPA!!!