Koka landareaz eginiko garagardoa ekoiztu dute Bolivian

Boliviako herri edo hiri askotan “soroche” bezala ezagutzen den gaitza pairatzen du bertara inguratzen diren bisitari askok hauen altitudea dela eta.

Andeetako biztanleen artean hedatua dago koka landarearen hostoak murtxikatzea altitudeak sor ditzakeen efektuei aurre egiteko. 3600 metrotara kokatua dagoen La Paz hiriburura inguratzen diren bisitariek ere koka infusioak hartu ohi dituzte goraino igo aurretik “soroche”-ari aurka egiteko.

kokagarag

Egarria eta altitudearen “gaitza” ez pairatzeko alternatiba bat gehiago dago orain, Boliviako garagardo ekoizle batek kokaina egiteko erabiltzen den Koka landare berberaren hostoez eginiko garagardo bat ekoiztu baitu.

Ch´ama du izena garagardoak eta Sucre-n kokatua dagoen Cerveceria Vicos garagardotegia da ekoizlea. Ura, malta, lupulua, legamia eta beratze prozesuan gehitutako koka landare hostoez ekoizten dute, iragazpen eta pasteurizaziorik jasan gabe. % 5 alkohol bolumenean duen azaleko hartziduraz ekoizturiko garagardo bat da, garizko garagardo alemaniarren zapore antzekoa omen duelarik. Koka landare hostoaren zapore eta usainak ere nabari direla dirudi.

1000 litro inguru ekoizten dituztela diote eta garagardoa Boliviako herri desberdinetan saltzen dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude