Garagardoa etxera eramateko jarri mesedez

– Epa! Kañeroan daukazuen The Kernell-en IPA garagardo bat nahiko nuke etxera eramateko.

– Ez daukagu plastikozko edalontzirik – erantzun zuen tabernariak.

– Ez du axola, nire edalontzia ekarri dut etxetik. Hemen jarriko al didazu?

– Ah bueno…orduan bai… – erantzuten du harridura aurpegiaz.

Elkarrizketa antzekoa behin baino gehiagotan eman zen Londresen nire etxe ondoko Pub batetako tabernariek nire ohitura ezagutu zuten arte.

Horrelaxe egin izan dut askotan bai, etxetik edalontzi bat hartu eta etxe ondoko Pub-era aste horretan kañeroan zuten garagardo berezia etxera eramateko joan izan naiz. Arrazoiak? Kalitatezko garagardo “fresko” bat (ez 6 hilabete botila batetan daraman bat…) nahi dut eta momentu horretan etxean edan nahi dut…

Ba, ez edalontzietan baina antzekoa pentsatzen duten garagardozale ugari dagoela dirudi E.E.B.B-tan. “Growler” bezala ezagutzen diren botila batzuk erabiltzen dituzte kasu honetan toki desberdinetan kupeleko garagardoa etxera eramateko.

growlerbetetzen growlermotak

 

 

 

 

 

Mota desberdinetako “Growler” botilak aurki ditzakegu baina kontzeptua berdina da. Botila taberna edo garagardo fabrika batean bete eta “etxera” eramaten duzu. Behin hustutakoan, ongi garbitu eta berriz bete dezakezu beste egun batetan.

E.E.B.B.-tan fenomeno honek hartu duen garrantzia hain da handia, zein 2013. urtean  Kalifornia, Arizona eta Georgia bezalako estatuek besteak beste, lege aldetik salerosketa mota honen inguruko debeku edo zailtasunak murriztu dituzten.

Garagardoa erosteko modu hau aukeratzen duten garagardozale askok antzeko arrazoiak dituzte: garagardo freskoa, bertakoa eta botilekin alderatuz lortzen duten prezio bajuagoak.

 

Argazkiak: www.azcentral.com eta www.bottless.net