BITXIKERIAK: Garagardoak leherketa nuklear bat jasan dezake!!

Kuadrilako Julenek pasa didan ikerketa bitxi bat dugu esku artean gaur. 1957. urtean eginiko ikerketa baten emaitzek diotenez, garagardoak leherketa nuklear baten erradiazioak jasan ditzake.

EEBB-tako Defentsa Zibilaren  Administrazio Federalak eskatu zuen ikerketa hau egin zedin, ustezko gerra nuklear baten beldur ziren eta.

Ikerketan (“Leherketa nuklear baten efektuak edari komertzialetan”) leherketa nuklearraren puntutik distantzia desberdinetara (1-3 km bitartean) kokatu zituzten edariak. Aurretik suposatzen zen bezala, gertuen zeuden ontzietako edariek erradiazio kopuru handiak zituztela ikusi zen.

Harrigarria suertatu zena, distantzia batetik aurrera zeuden garagardoen kasua zen, kutsadura gutxien zuten edarien artean baitzegoen, latako garagardoak izanik egoera hoberenean zeudenak.

Ikerketako ondorio garrantzitsuenak hurrengoak izan ziren: Larrialdi kasu batean garagardoa edatea ia guztiz segurua zela eta zaporean ere aldaketarik ematen ez zela (bigarrengo hau ustezko katatzailea talde batek ondorioztatu zuen).

Harrigarria ezta? “How the beer saved the world” bideoan aztertu genuen izurrite garaian pertsona asko libratu zela heriotzetik ur kutsatua edan ordez garagardoa edanez. Natura oso azkarra dela esaten da… Darwin-en garapenaren teoriarekin zerikusirik izango ote du? Hau da, gargardozaleok edari honetaz gozatzeko (arduraz beti ere!!) dugun ezaugarria, onuragarri edo positiboa dela pentsatuko ote du naturak? Beno…burura etorritako ideiak zuzenean bitan petsa gabe idazten hasi naizela konturatu naiz… nahikoa gaurkoz!

Ongi izan!

Mila esker Julito!

Informazio iturria: El Mundo egunkaria Julen Mujikaren bitartez (Blog honek argi utzi nahi du Julenek ez duela informazio hau lan orduetan lortu…)

 

SAILKAPENA: Oktoberfest estiloa

Duela pare bat egun edan nuen Oktoberfest garagardo estiloa dugu hizpide gaur. Alemaniako Munich hirian sortu zen ( garagardo estilo bat dugu hau, martxoan ekoiztua izaten zena hasiera batean (tenperatura altuek ekoizpenean zuten eraginagatik besteak beste)  eta gaur egun guztiontzat hain ezaguna den Oktoberfest garagardo festa ospatzean edaten zena eta dena. 1516. urteko alemaniar purutasun legea jarraituz ekoizturiko garagardoa da.

Hartzidura mota: Oineko hartzidura

Jatorrizko dentsitatea: 13- 14 ºP

Malta: Vienna estiloko malta erabiliz ekoiztua normalean, baina Crystal eta Munich bezalako maltak ere gehitu ohi dira.

Kolorea: 6 – 10 EBC

Alkohol edukia: % 5,5 – 7.

Lupulua: 23 – 29 IBU-ko garratztasuna ematen dio lupuluak.

Gaur egun aurki ditzakegun Oktoberfest motako garagardoak gorputz ertaineko garagardo horixkak dira. Erraz edaten den garagardo suabe bat dela esan daiteke. Vienna malta usain eta zaporeak dira protagonista, apar dentsoa duelarik.

Paulaner Oktoberfest, Spaten,  Meantime Oktoberfest (garai honetan bakarrik ekoiztua) edo E.E.B.B-etako Full Sail dira estilo honetako marka batzuk.

 

“Where is my mind?” on tap!

Zer esan nahi duen horrek? Ba iada lan egiten dudan mikroan bezeroek “Where is my mind?” amerikar IPA estiloko garagardoa edateko aukera dutela, hau da, iada kañeroan dagoela! Aldiro garagardo berezi edo desberdin bat egoten da kañeroetako batetan.

Sei malta desberdin erabili ditut garagardo hau ekoizteko, % 6,4 alkohol bolumenean duen kupre ilun koloreko garagardo bat lortuz. Hiru izan dira erabilitako lupulu motak, ekoizpen prozesuko 4 momentu desberdinetan gehituta (Dry hopping-a barne), garratztasuna, flaborea, eta usain bereizgarriak emateko.

Muztioa egun batean ekoiztu ondoren, hartzidura eta heltze prozesuak guztira 20 bat egun iraun ditu.

Izenak Pixies taldearen abesti bikain batean eta nolabait garagardo honekin helarazi nahi nuen “mezu” batean du jatorria. XXI. mendeko gizakiok gehiegi erabiltzen dugu burua, botere handiegia eman diogu eta erabili behar ez den momentu askotan gonbidatzen dugu, bai iraganeko gauzak gogoratuz, edo etorkizuneko zereginen inguruan kezkatuz, momentuan egiten ari garenari atentziorik jarri gabe.

[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=OURvzB_ziiI&feature=related[/youtube]

Horregatik, non  dugu burua? Zertarako erabiltzen dugu? Garagardo hau edatean behintzat 5 zentzuak garagardoan edukitzera gonbidatzen da, IPA garagardo estiloetan aurki ditzakegun belar eta zitriko usain bereizgarriez gozatu ahal izateko, eta bertan egoteko.

Arrainek badakite bai zertxobait bizitzaren inguruan… 5 segunduko memoria omen dute… Be a fish my friend!!