SAILKAPENA: Oktoberfest estiloa

Duela pare bat egun edan nuen Oktoberfest garagardo estiloa dugu hizpide gaur. Alemaniako Munich hirian sortu zen ( garagardo estilo bat dugu hau, martxoan ekoiztua izaten zena hasiera batean (tenperatura altuek ekoizpenean zuten eraginagatik besteak beste)  eta gaur egun guztiontzat hain ezaguna den Oktoberfest garagardo festa ospatzean edaten zena eta dena. 1516. urteko alemaniar purutasun legea jarraituz ekoizturiko garagardoa da.

Hartzidura mota: Oineko hartzidura

Jatorrizko dentsitatea: 13- 14 ºP

Malta: Vienna estiloko malta erabiliz ekoiztua normalean, baina Crystal eta Munich bezalako maltak ere gehitu ohi dira.

Kolorea: 6 – 10 EBC

Alkohol edukia: % 5,5 – 7.

Lupulua: 23 – 29 IBU-ko garratztasuna ematen dio lupuluak.

Gaur egun aurki ditzakegun Oktoberfest motako garagardoak gorputz ertaineko garagardo horixkak dira. Erraz edaten den garagardo suabe bat dela esan daiteke. Vienna malta usain eta zaporeak dira protagonista, apar dentsoa duelarik.

Paulaner Oktoberfest, Spaten,  Meantime Oktoberfest (garai honetan bakarrik ekoiztua) edo E.E.B.B-etako Full Sail dira estilo honetako marka batzuk.