Gaur atal berri bat estreinatzen dugu. “Ekoizleen txokoa” du izena eta bertan Euskal Herriko garagardo ekoizle desberdinek garagardoaren munduaren inguruan gurekin partekatzeko dutena argitaratuko dugu.
” Garagardo artesanalaren boom-a Egilea: Jon Etxeandia (Etxeandia)
Garagardo artesanalaren boom’a Euskal Herrira gatozku. Normala denez hasieran gauzak nahastutak izaten dira. Ekoizleei, okertu baino lehenago, esku hartzea komeni zaigu.
Mugimendu berria da. Jende gazteak bultzatuta, horrek dakarren gauza on eta txar guztiekin. Erregulatu gabea, eta legezko ekoizle gitxi, txiki eta oso banatuak dituena, koordinazio arazoak ditugularik.
Hau idazten dudan egunean, neu dakidala, Euskal Herriko ekoizle bakarrak honakoak gara:
Araban: Baias eta VG
Nafarroan: Naparbier
Gipuzkoan: Pagoa eta Olañeta
Iparralden: Etxeko Bob’s Beer, Akerbeltz, Belharra (¿), Oldarki (fabrika Pau’n dago).
Bizkaia: Etxeandia
Erronka propioak (ez bakarrak) ditugu:
- Legea Espainian, ez dago ekoizle txikien neurrira eginda. Legezko ekoizle izateko, fabrika handiei eskatzen zaien baldintza berberak bete behar dira. Europako beste herrialdean (Frantzian kasu) ekoizle txikiek lege propioak dituzte, legeak produkzio txikiak babesten ditu. Administrazioarekin badogu lana pendiente…
- Garagardo ekoizketara hurbiltzen den jende gaztea dakarren esperientzi falta, idealizazioa eta atzerriko modeloen eredua, erronka gogorrak planteatuko dizkigu ekoizleei hemendik laburrera.
- Komertzializazioa. Gero eta konbentsituagoa nago, ekoizleek akabuko bezeroarekin (kontsumitzailearekin) zuzenean lan egiteko hordagoa egin behar dogula. Horretarako onena elkar batzea da. Gure artean eta baita beste produktu mota batzuen ekoizleekin ere bai. Lan handiz Euro batean merkaturatzen dogun botila, denda eta tabernetan 2,5 €-3€’tan ikustea min handia emoten dau.
Ohar berezia egin behar dut, aurreko 2.n puntuaren inguruan.
Bi fenomeno arduratuta gauzkate:
a) Garagardogile klandestinoak: garagardoa etxean egin eta komunikazio bide berriak erabiliz kasu batzuetan, kultur eta kirol taldeak beste batzuetan, talde mugatu batean produktua banatzen dituztenak.
b) Birsaltzaile/errebenta: Fabrikarik izan ez eta beste fabrika bateri erosten diote garagardoa euren etiketa jarriz. Kasu gehienetan bertoko produktu bezala aurkezten dute, hemendik kanpo ekoizten den arren. Hauei “Nomada” bezala ezagutzen zaie garagardogintzan eta “Revendedor” beste sektore guztietan.
c) Aurreko bi kasuen nahasketa arriskutsua: Errebendedore hauek, kasu gehienetan ere, legez kanpoko ekoizleak dira. Era nahasian euren etxean eginiko produktuak beste fabrika bati erositakoarekin merkaturatzen dute.
Ekimen bi hauek sektorea eta kontsumitzailea nahastu egiten dute. Kasu batzuetan produktua kalitatez eskaz merkaturatzen direlako, inbertsiorik ez eta beraz arriskurik ez dutelako. Beste kasu batzuetan produktua garesti merkaturatzen da errebendedorea ere irabazia nahi duelako.
Kaltetuak zeintzuk diren argi ikusten da:
Produktua (“Garagardo artesanala”) kaltetua suertatzen da: garesti itxura, kalitate eskasekoa, gezurrez betetako produktu mota.
Legezko ekoizlea: Legea bete ahal izateko lan, inbertsio eta zerga handiak ordaindu behar izan dituena, produktuaren irudia kaltetua ikusten du, konpetentzia desleiala. Merkatua nahastuta.
Kontsumitzailea: Bertoko produktu bezala saltzen zaio, kanpokoa dana. Ziurtasun sanitariorik gabeko produktua kontsumitzen du, bere osasunaren kalterako.
Gizartea: Euren lan, inbertsio eta zergen ordainketarekin, gizartea aberasten dituzten ekoizleak desagertzea gizartearen kalterako da.
Sektore agro-alimentarioaren beste esparru batzuetan aspalditik borrokatu da halako praktiken aurka (gaztagintza, eztigintza, sagardaua, …), elkarte, nekazal-sindikatu eta administrazioaren elkar-lanarekin. Urte askotan, gai hauen inguruan, egin den lan eskergari esker ekoizpen asko salbatu eta berriak sortzea lortu da.
Ekoizleak lana daukagu egiteko, lehen urratsa elkar hartu eta Euskal Herri mailan elkartea eratzea da.”
Mila esker zure hitzengatik Jon!!!