SAILKAPENA: Oktoberfest estiloa

Duela pare bat egun edan nuen Oktoberfest garagardo estiloa dugu hizpide gaur. Alemaniako Munich hirian sortu zen ( garagardo estilo bat dugu hau, martxoan ekoiztua izaten zena hasiera batean (tenperatura altuek ekoizpenean zuten eraginagatik besteak beste)  eta gaur egun guztiontzat hain ezaguna den Oktoberfest garagardo festa ospatzean edaten zena eta dena. 1516. urteko alemaniar purutasun legea jarraituz ekoizturiko garagardoa da.

Hartzidura mota: Oineko hartzidura

Jatorrizko dentsitatea: 13- 14 ºP

Malta: Vienna estiloko malta erabiliz ekoiztua normalean, baina Crystal eta Munich bezalako maltak ere gehitu ohi dira.

Kolorea: 6 – 10 EBC

Alkohol edukia: % 5,5 – 7.

Lupulua: 23 – 29 IBU-ko garratztasuna ematen dio lupuluak.

Gaur egun aurki ditzakegun Oktoberfest motako garagardoak gorputz ertaineko garagardo horixkak dira. Erraz edaten den garagardo suabe bat dela esan daiteke. Vienna malta usain eta zaporeak dira protagonista, apar dentsoa duelarik.

Paulaner Oktoberfest, Spaten,  Meantime Oktoberfest (garai honetan bakarrik ekoiztua) edo E.E.B.B-etako Full Sail dira estilo honetako marka batzuk.

 

“Where is my mind?” on tap!

Zer esan nahi duen horrek? Ba iada lan egiten dudan mikroan bezeroek “Where is my mind?” amerikar IPA estiloko garagardoa edateko aukera dutela, hau da, iada kañeroan dagoela! Aldiro garagardo berezi edo desberdin bat egoten da kañeroetako batetan.

Sei malta desberdin erabili ditut garagardo hau ekoizteko, % 6,4 alkohol bolumenean duen kupre ilun koloreko garagardo bat lortuz. Hiru izan dira erabilitako lupulu motak, ekoizpen prozesuko 4 momentu desberdinetan gehituta (Dry hopping-a barne), garratztasuna, flaborea, eta usain bereizgarriak emateko.

Muztioa egun batean ekoiztu ondoren, hartzidura eta heltze prozesuak guztira 20 bat egun iraun ditu.

Izenak Pixies taldearen abesti bikain batean eta nolabait garagardo honekin helarazi nahi nuen “mezu” batean du jatorria. XXI. mendeko gizakiok gehiegi erabiltzen dugu burua, botere handiegia eman diogu eta erabili behar ez den momentu askotan gonbidatzen dugu, bai iraganeko gauzak gogoratuz, edo etorkizuneko zereginen inguruan kezkatuz, momentuan egiten ari garenari atentziorik jarri gabe.

[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=OURvzB_ziiI&feature=related[/youtube]

Horregatik, non  dugu burua? Zertarako erabiltzen dugu? Garagardo hau edatean behintzat 5 zentzuak garagardoan edukitzera gonbidatzen da, IPA garagardo estiloetan aurki ditzakegun belar eta zitriko usain bereizgarriez gozatu ahal izateko, eta bertan egoteko.

Arrainek badakite bai zertxobait bizitzaren inguruan… 5 segunduko memoria omen dute… Be a fish my friend!!

“London Brewers Alliance”-en bilera

London Brewers Alliance (LBA)  2010. urtean sortu eta Londresko garagardo ekoizleak biltzen dituen elkartea da. LBA-ren helburuak bere partaideen arteko garagardoaren ekoizpenaren  inguruko jakintza sakontzea, LBA-ko partaideak eta erakundea bera ezagutzera ematea, partaideen salmentak handitzen laguntzea eta puntu guzti hauek lortzeko ekintza desberdinak (garagardo festak etab.) antolatzea dira.

30 dira gutxi gora behera LBA osatzen duten garagardo ekoizleak eta atzo izan genuen bi hilabeteroko bilera.

18.30-etan hasi zen bilera nahiz eta nik tokia aurkitzeko arazotxo batzuk izan nituenez ordu erdi beranduago iritsi nintzen. Iritsi eta hamar minututara bileran erabat murgilduta ikusi nuen neure burua, idazkari lanak egiten zebilen Derek-ek garagardo bat eskaini zidanean. 23 izan ginen atzo bildu ginenak, Füllers, Meantime, Sambrooks, London Fields Brewery… bezalako enpresen ordezkari edo garagardo ekoizleak.

Diru kontuak, hurrengo garagardo festa noiz, nola, non antolatu eta LBA bera izan ziren landutako gaiak. Hurrengo bilera noiz eta non izango den ere erabaki genuen, Urriak 30 an ikusiko dugu berriz elkar.

Bilera bukatu ostean jateko mokadutxo batzuk atera zizkiguten eta iada informalki gure artean hitz egiteko beta izan genuen.