ELKARRIZKETA: Londresko “Trumans” enpresaren garagardogileekin (I. zatia)

Londresen garai batetan harrakasta handia izan zuen Trumans garagardo fabrika mitikoa berriz martxan jarri da 30 urte baino gehiago ateak itxita egon ondoren. Kasualitatez, nire lagun Ben alemaniarra da bertako maisu-garagardogile berria eta duela pare bat aste bere etxean “barbakoa” bat egin genuela aprobetxatuz, elkarrizketa bat egitea proposatu nion pixka bat proiektu honen inguruan zein bera eta bere bi lankideekin (“barbakoa”-n zeuden baita Sandro eta James!) garagardoaren inguruan aritzeko. Elkarrizketak dexente iraun zuen eta hurrengo lerroetan elkarrizketaren lehenengo zatiko hitz egindakoaren zati esanguratsuenak ditugu:

Kaixo Ben, kontaiguzu pixka bat nola izan den Trumans garagardo fabrika mitikoaren proiektu honen berpiztea.

 Ben: Trumans enpresak Londres ekialdean ireki zituen ateak 1666. urtean eta 1800. urte inguruan munduko garagardo fabrika handienetariko bat izan arren, 1989. urtean itxi zen. Ondoren, 2010. urtean James Morge-ek “contract brewery” (enkarguz edo kontratu bidez garagardoa hirugarren batek ekoiztea) negozio ereduaz baliatuz berreraiki zuen marka bi urtetan.  Ondoren garagardo fabrika berria jarri zuen Londresko Hackney Wick zonaldean eta guk taldearekin bat egin genuen. Hortaz, Trumans berriz ere mapan ageri da eta garai batean izan zena izatera iristea espero dugu.

Nola iritsi zarete Sandro eta James proiektu honetan Ben-ekin batera lan egitera?

Sandro: Nire kasuan garagardogintza ibilbidea Italian hasi nuen , Brewfist enpresan, eta ondoren Ingalaterrako garagardo enpresa txiki batetan egon nintzen. Ondoren Ben-i esker…

Ben: Bai, ekoizten hasi berri ginen eta Sandro etorri zen, azkar jarri zen bete-betean lan egiten eta lan karga handiko aste batetan lan itzela egin ondoren, lanpostua lortu zuen.

James: Nik Trumans-en aurretik Ben-ekin batera egin nuen lan London Fields Brewery enpresan eta Trumans-en lan eskaintza aukera aprobetxatu nuen… eta Ben-ek aurretik ezagutzen ninduenez… 

Zenbatekoa da zuen garagardo ekoizpena eta zein formatutan saltzen duzue?

Ben: 40 kupel (6500 l. inguru)  ekoizpen aldiko egiteko ahalmena duen makinaria dugu eta 3-5 aldiz/astean ekoizten dugu. Ekoizpena % 100 Cask kupel ingelesetan da. Oso interesgarria iruditzen zait ekoizpenaren % 100 cask egiten duen fabrika bat izatea, oso ez ohikoa da, beste guztien kupel arruntak (keg) eta botilak egiten baitituzten normalean.

Etorkizunerako planak zein dira?

Ben: Botila batzuk egitea eta baita kupel arruntak (keg). Hara doa merkatua… Momentuan haztea da ideia, garagardoa Erresuma Batu osoan salduz hasieran eta internazionalki saltzea ere espero dugu.

 

Elkarrizketaren bigarren zatia hurrengo egunean izango dugu gure artean, beraien garagardo mota gustukoak zein diren, lupuluen inguruko kontuak… eta musikaz eta guzti hitz egiteko aukera izan genuen.

FreeFormAwards 2014-ko gluten gabeko garagardo lehiaketa

Joan den astean  Londresen ospatu zen FreeFormFoodAwards 2014 sarietako gluten gabeko garagardo leihaketan epahimahai bezala parte hartzeko gonbidapena jaso genuen eta bertan izan ginen.

FreeForm Food Awards urtean behin Londresen ospatzen den gluten gabeko elikagaien sariak dira. Gluten gabeko elikagai edo produktu desberdinak kategoria desberdinetan parte hartzen dute. Sari hauen helburua sektore desberdinetako ekoizleak gluten gabeko kalitatezko produktuak ekoiztera bultzatzea da besteak beste.

Garagardoarena kategoria hauetako bat  da eta bertakoari buruz jardungo gara labur-labur. Gluten gabeko garagardoen inguruan iada hitz egin dugu pixka bat blogean. IMG_0458[1]

Aurtengo “FreeForm Beer Awards” sarietan Belgika, Txekiar Errepublika, Ingalaterra eta Espainiako gluten gabeko garagardoek parte hartu dute.  Zortzi izan ginen epahimahai lanak egiten ibili ginenak, blogari, garagardo kontsumitzaile , twitterlari eta bi garagardo ekoizle.

Garagardo estilo desberdinek hartu zuten parte (Lager, Pilsner, Azaleko hartziduraz ekoizturiko garagardo desberdinak etab.) , almidoi iturri bezala erabilitako lehengaiak ere oso desberdinak izanik garagardo batzuetatik bestera: Sorgoa bakarrik, edo sorgoa eta garagarra ez diren beste zereal batzuk erabiltzetik, glutena kendu dioten garagar maltak erabiltzerainoko dibertsitatea aurkitu genuen.

Estilo desberdineko garagardoak talde berberean epahitzea ez da garagardo lehiaketa batetan egin ohi dena eta ezta aukera hoberena, baina parte hartzaile kopurua zein izan zen eta lehiaketaren izaera kontutan hartuta,  kasu honetan aukera bakarra zela ikusi zen. IMG_0459[1]

Estilo desberdinak zein erabilitako lehengaiak desberdinak zirela jakinik, garagardo bakoitza epahitzean estiloa kontutan hartzeko eskatu ziguten. Horrela, itxura, usaina, zaporea eta estiloarekiko gertutasuna baloratzeko eskatu ziguten, ezaugarri guztie hauek bateratuz 1-10 –era arteko zenbaki bat emanez.

Lehiaketaren emaitzak ezagutzeko aukera eduki genuen epahimahikideok baina oraindik ezin dugu hau ezagutzera eman hurrengo Martxoan emango baitute ezagutzera Londresen ospatuko den  FreeFormAwards 2014  galan.

Beraz, ordurarte itxaron beharko duzue lehiaketa honetako emaitzak jakiteko, baina aurreratu dezakedana zera da, bertan epahimahiak erabakitakoarekin erabat bat natorrela.

Ongi izan!

AGENDA: Ekintza interesgarriak bihar Donostiako Never-Stop eta Iruñako Manneken Beer tabernetan

Bihar, Urtarrilak 30 osteguna,  ekintza oso erakargarriak dakarzkigute Never Stop (Donostia) eta Manneken Beer (Iruña) tabernek.

– Never Stop tabernan “Basqueland Brewing Project” garagardoaren aurkezpena

Ordua: 19:30-etan Basqueland Brewing Project garagardoa zerbitzatuko da erositako tiket-en truke (zozketa bat egongo da 21.30-etan tiket-ak erosi dituztenen artean).

Tokia: Never-Stop taberna (Donostia)

basquelandaurkezpena

– Manneken Beer Tabernan Noruegako NØGNE artisau garagardo enpresaren garagardogilea eta bere 4 garagardo edateko aukera egongo da

Tokia: Manneken Beer (Iruña)

Kjetil Jikiun ekoizlea Iruñan dabil egun batzuetarako Naparbier-ekin batera IPA beltz bat egiteko. Hori dela eta, Manneken-ekoek ongi etorria emango diote, bere enpresaren lau garagardo eskainiz eta bertara inguratzen direnei Kjetil-ekin berriketan egoteko aukera emanez:

 #500 Inperial IPA (Grifotik)            

 Horizon Tokyo Black (25cl botila): %16 Mikkeller, Brewdog eta Nøgne-ek elkarrekin eginiko bigarren garagardoda.

Inperial Stout (50cl botila) 9%:          – Inperial Brown Ale (50cl botila): 7,5%.