ELKARRIZKETA: Londresko “Trumans” enpresaren garagardogileekin (I. zatia)

Londresen garai batetan harrakasta handia izan zuen Trumans garagardo fabrika mitikoa berriz martxan jarri da 30 urte baino gehiago ateak itxita egon ondoren. Kasualitatez, nire lagun Ben alemaniarra da bertako maisu-garagardogile berria eta duela pare bat aste bere etxean “barbakoa” bat egin genuela aprobetxatuz, elkarrizketa bat egitea proposatu nion pixka bat proiektu honen inguruan zein bera eta bere bi lankideekin (“barbakoa”-n zeuden baita Sandro eta James!) garagardoaren inguruan aritzeko. Elkarrizketak dexente iraun zuen eta hurrengo lerroetan elkarrizketaren lehenengo zatiko hitz egindakoaren zati esanguratsuenak ditugu:

Kaixo Ben, kontaiguzu pixka bat nola izan den Trumans garagardo fabrika mitikoaren proiektu honen berpiztea.

 Ben: Trumans enpresak Londres ekialdean ireki zituen ateak 1666. urtean eta 1800. urte inguruan munduko garagardo fabrika handienetariko bat izan arren, 1989. urtean itxi zen. Ondoren, 2010. urtean James Morge-ek “contract brewery” (enkarguz edo kontratu bidez garagardoa hirugarren batek ekoiztea) negozio ereduaz baliatuz berreraiki zuen marka bi urtetan.  Ondoren garagardo fabrika berria jarri zuen Londresko Hackney Wick zonaldean eta guk taldearekin bat egin genuen. Hortaz, Trumans berriz ere mapan ageri da eta garai batean izan zena izatera iristea espero dugu.

Nola iritsi zarete Sandro eta James proiektu honetan Ben-ekin batera lan egitera?

Sandro: Nire kasuan garagardogintza ibilbidea Italian hasi nuen , Brewfist enpresan, eta ondoren Ingalaterrako garagardo enpresa txiki batetan egon nintzen. Ondoren Ben-i esker…

Ben: Bai, ekoizten hasi berri ginen eta Sandro etorri zen, azkar jarri zen bete-betean lan egiten eta lan karga handiko aste batetan lan itzela egin ondoren, lanpostua lortu zuen.

James: Nik Trumans-en aurretik Ben-ekin batera egin nuen lan London Fields Brewery enpresan eta Trumans-en lan eskaintza aukera aprobetxatu nuen… eta Ben-ek aurretik ezagutzen ninduenez… 

Zenbatekoa da zuen garagardo ekoizpena eta zein formatutan saltzen duzue?

Ben: 40 kupel (6500 l. inguru)  ekoizpen aldiko egiteko ahalmena duen makinaria dugu eta 3-5 aldiz/astean ekoizten dugu. Ekoizpena % 100 Cask kupel ingelesetan da. Oso interesgarria iruditzen zait ekoizpenaren % 100 cask egiten duen fabrika bat izatea, oso ez ohikoa da, beste guztien kupel arruntak (keg) eta botilak egiten baitituzten normalean.

Etorkizunerako planak zein dira?

Ben: Botila batzuk egitea eta baita kupel arruntak (keg). Hara doa merkatua… Momentuan haztea da ideia, garagardoa Erresuma Batu osoan salduz hasieran eta internazionalki saltzea ere espero dugu.

 

Elkarrizketaren bigarren zatia hurrengo egunean izango dugu gure artean, beraien garagardo mota gustukoak zein diren, lupuluen inguruko kontuak… eta musikaz eta guzti hitz egiteko aukera izan genuen.