Artisau garagardoa erosi eta gorde

Behin baino gehiagotan galdetu didate lagun edo ezagunek artisau garagardoak erosi eta gordetzeko garaian lagungarri diren aholkuen inguruan. Nahiz eta blogean momentu desberdinetan komentatu izan ditugun gauzak izan, artisau garagardo bat produktu “bizi” bat denez,  hau gordetzean kontuan hartzea komeni den faktoreak labur-labur eta bata bestearen ondoren  izendatzea interesagarri iruditu zait:

1.- Garagardo “freskoak” erosi: Nahiz eta denborarekin botilan ongi egonkortzen diren garagardo estiloak egon (malta profileko “ale” garagardo potenteak gehienbat),  ahalik eta garagardo “gazte” edo “freskoenak” erosi. Hau da, salbuespenak izan ezik, garagardoa ahalik eta “azkarren” edan (iraungitze datatik urrutien alegia).

2.- Ilunetan gorde botilak: Aurreko batean azaldu genuen “argi kolpea” ekiditeko garagardoak ilunetan gordetzea komeni dela, botila garden eta berdeak bereziki.

3.- Tenperatura hotzetan gorde: Denborarekin batera, garagardoa gordetzen den  temperatura  altuak dira garagardoa lehenago “zahartarazten” dutenak.  Garagardoa 10 ºC altuagoan gordetzeak hau bi aldiz azkarrago zahartzea egiten du.

4.- Goruntz gorde. Botilak “kortxo” bat eduki ezean, kasu honetan etzanda gordeko litzateke kortxoa hezea mantentzearren, beti goruntz gordeko ditugu.

Eta bukatzeko, nahiz eta gordeketarekin zerikusirik ez izan, garagardoa dastatzearen esperientzian eragina izango duenez, botilan bigarren hartzidura bat jasan duten artisau garagardoak  (gehiengoa  gure inguruan) zerbitzatzean, botilaren azpian ageri diren sedimentuak (legamia etab.)edalontzira ez botatzea komeni da, sedimentuak ere bota ezkero garagardoaren usain eta zaporean eragina izango baitu.

Etxean garagardoa egiteko errezeta berriak Lupulu.com webgunean!

Joan den urteko Urtarrilan hitz egin genuen blogean Lupulu.com-eko gure lagunen proiektuaz. Etxean garagardoa egiteko beharrezko tresnak saltzen dituzte webgune honetan (Tailerrak eta bestelako ekintzak ere antolatzen dituzte….).

Hasiera batetan Pale Ale estiloko garagardoa egiteko lehengaiak bakarrik saltzen zituzten, baina gaur egun iada Stout eta Garizko garagardoak egiteko errezetak ere eskaintzen dituzte.

lupulu logoa

Hortaz, garagardo zalea bazara eta sukaldean ibiltzea gustuko baduzu, Lupulu-koek eskaintzen dituzten hiru garagardo estilo desberdinen artean aukeratzeko moduan egongo zara.

Oraindik etxean garagardoa egin ez duzuenontzat da bereziki aproposa Lupulu.com webguneak eskaintzen dizuena.

Informazio gehiago: www.lupulu.com

Zorte on!

Zer da Brewpub bat?

Zer da Brewpub bat? Blogean behin baino gehiagotan aipatu izan dugu kontzeptu hau baina oraindik ez dugula honen inguruan sakonago hitz egin konturatu naiz.

Hitz gutxitan esanda, brewpub bat bertan ekoiztutako garagardoa saltzen duen taberna/jatetxe bat da. Hau da, garagardo fabrika “txiki” bat duen jatetxe/taberna da, eta normalean bezeroarentzat ikusgai egoten dena.

Brewpub batetan, bertan ekoiztutako artisau garagardoa edateaz gain, garagardoa egiteko erabiltzen duten makinaria ikusteko aukera dago, eta kasu askotan baita, garagardo ekoizlea lanean ikusteko aukera ere egoten da, ekoizpen prozesuko usain, hots eta giroaren lekuko izan zaitezkeelarik.

Brewpub eredu desberdinak aurki ditzakegu. Hauetako askotan, saltzen den garagardo guztia bertan eginikoa izaten da, estilo desberdineko garagardoak aurki daitezkeelarik. Badaude baita, bertan egindako garagardoez gain, kanpoko garagardoak saltzen dituztenak. Bigarren kasu honetan bi azpitalde aurki ditzakegu: Kanpoan ekoiztutako garagardoa Lager (oineko hartziduraz ekoizturikoa) bat denean, Brewpub-ak duen makinaria motagatik ekoizteko aukerarik ez duenean, eta kanpoko garagardoak beste artisau garagardo enpresa batzuek ekoiztuak direnean, helburua kasu honetan bezeroei aukera zabalagoa eta garagardo “berezi” gehiago eskaintzea izaten da.

Kontsumitzaile edo garagardo zale baten ikuspuntutik kontzeptu honek, makinaria eta ekoizpena zuzenean ikusteaz gain, eskaintzen duen bereizgarritasuna garagardoaren “freskotasuna” da. Garagardo “egin berria” edateko aukera dagoela alegia, modu egokian gordea izan dena. Ekoizpen tokia eta salmenta puntua toki berean egotearen abaintailetako bat. Garagardoa heltze kupeletatik zuzenean edalontzira joaten delarik.

DENDAK: El Txoko de las Cervezas (Donostia, Gipuzkoa)

El Txoko de Las Cervezas  Donostian aurkitu dezakegun garagardo denda bat da. Mikel donostiarrak ireki zuen denda hau duela 3-4 urte koadrilakoekin Belgikara bidaia bat egin ostean. Bertan ikusi zituen dendak eta garagardo aukera handiak erakarrita, Donostian horrelako zerbait irekitzea ideia ona litzatekeela pentsatu zuen.

Hasieran La Boutique de La Cerveza-ren frankizia bezala hasi zen, baina joan den Ekainetik aurrera bakarrik eta El Txoko de Las Cervezas izenarekin jarraitzea erabaki zuen.

Oraintxe bertan berritze lanetan ari diren arren (duela gutxi Donostian eguraldiak sorturiko kalteen ondorioz), hurrengo asterako denda berritua irekitzea espero du Mikel-ek.

Kokapena: Abuztuak 31 Kalea 12, Donostia

Ordutegia: Astelehenetik – Larunbatera:  10.00 – 14.00

16.30 – 20.30

txokocerv

Mundu osoko garagardo mota desberdinak aurki ditzakegu denda honetan, bertako artisau garagardoek ere beraien tokia dutelarik: Gross Brewing, Olañeta, Basqueland Brewing, Zerb , Drunken Bros Brewery eta Naparbier.

Localbier artisau garagardo bilatzailean ere aurki dezakezue El Txoko de las Cervezas.

Alemania, Txekiar Errepublika, Belgika etab. bezalako herrialdeetako garagardoak edukitzeaz gain, gaur egun mundu mailan oso ezagunak diren artisau garagardo enpresen garagardoak ere eskaintzen dituzte: Brewdog, Flying Dog, Sierra Nevada, Anderson Valley etab.

Azkenaldian, beti asko saldu diren Lager suabe eta belgikako garagardo hori eta txigortuez gain, amerikar estiloko Pale Ale zein IPA garagardoak asko saltzen dituela dio Mikelek, artisau garagardoaren iraultzaren erakusgarri ote da?

Egun ona izan garagardozaleok!