Artisau garagardoa erosi eta gorde

Behin baino gehiagotan galdetu didate lagun edo ezagunek artisau garagardoak erosi eta gordetzeko garaian lagungarri diren aholkuen inguruan. Nahiz eta blogean momentu desberdinetan komentatu izan ditugun gauzak izan, artisau garagardo bat produktu “bizi” bat denez,  hau gordetzean kontuan hartzea komeni den faktoreak labur-labur eta bata bestearen ondoren  izendatzea interesagarri iruditu zait:

1.- Garagardo “freskoak” erosi: Nahiz eta denborarekin botilan ongi egonkortzen diren garagardo estiloak egon (malta profileko “ale” garagardo potenteak gehienbat),  ahalik eta garagardo “gazte” edo “freskoenak” erosi. Hau da, salbuespenak izan ezik, garagardoa ahalik eta “azkarren” edan (iraungitze datatik urrutien alegia).

2.- Ilunetan gorde botilak: Aurreko batean azaldu genuen “argi kolpea” ekiditeko garagardoak ilunetan gordetzea komeni dela, botila garden eta berdeak bereziki.

3.- Tenperatura hotzetan gorde: Denborarekin batera, garagardoa gordetzen den  temperatura  altuak dira garagardoa lehenago “zahartarazten” dutenak.  Garagardoa 10 ºC altuagoan gordetzeak hau bi aldiz azkarrago zahartzea egiten du.

4.- Goruntz gorde. Botilak “kortxo” bat eduki ezean, kasu honetan etzanda gordeko litzateke kortxoa hezea mantentzearren, beti goruntz gordeko ditugu.

Eta bukatzeko, nahiz eta gordeketarekin zerikusirik ez izan, garagardoa dastatzearen esperientzian eragina izango duenez, botilan bigarren hartzidura bat jasan duten artisau garagardoak  (gehiengoa  gure inguruan) zerbitzatzean, botilaren azpian ageri diren sedimentuak (legamia etab.)edalontzira ez botatzea komeni da, sedimentuak ere bota ezkero garagardoaren usain eta zaporean eragina izango baitu.