Zer da Brewpub bat?

Zer da Brewpub bat? Blogean behin baino gehiagotan aipatu izan dugu kontzeptu hau baina oraindik ez dugula honen inguruan sakonago hitz egin konturatu naiz.

Hitz gutxitan esanda, brewpub bat bertan ekoiztutako garagardoa saltzen duen taberna/jatetxe bat da. Hau da, garagardo fabrika “txiki” bat duen jatetxe/taberna da, eta normalean bezeroarentzat ikusgai egoten dena.

Brewpub batetan, bertan ekoiztutako artisau garagardoa edateaz gain, garagardoa egiteko erabiltzen duten makinaria ikusteko aukera dago, eta kasu askotan baita, garagardo ekoizlea lanean ikusteko aukera ere egoten da, ekoizpen prozesuko usain, hots eta giroaren lekuko izan zaitezkeelarik.

Brewpub eredu desberdinak aurki ditzakegu. Hauetako askotan, saltzen den garagardo guztia bertan eginikoa izaten da, estilo desberdineko garagardoak aurki daitezkeelarik. Badaude baita, bertan egindako garagardoez gain, kanpoko garagardoak saltzen dituztenak. Bigarren kasu honetan bi azpitalde aurki ditzakegu: Kanpoan ekoiztutako garagardoa Lager (oineko hartziduraz ekoizturikoa) bat denean, Brewpub-ak duen makinaria motagatik ekoizteko aukerarik ez duenean, eta kanpoko garagardoak beste artisau garagardo enpresa batzuek ekoiztuak direnean, helburua kasu honetan bezeroei aukera zabalagoa eta garagardo “berezi” gehiago eskaintzea izaten da.

Kontsumitzaile edo garagardo zale baten ikuspuntutik kontzeptu honek, makinaria eta ekoizpena zuzenean ikusteaz gain, eskaintzen duen bereizgarritasuna garagardoaren “freskotasuna” da. Garagardo “egin berria” edateko aukera dagoela alegia, modu egokian gordea izan dena. Ekoizpen tokia eta salmenta puntua toki berean egotearen abaintailetako bat. Garagardoa heltze kupeletatik zuzenean edalontzira joaten delarik.