Astearte honetan Charles Faram enpresako lupuluen inguruko aurkezpen batean egon nintzela komentatu nuen iada atzo. Charles Faram 1865. urtean sortu zen Erresuma Batuko lupulu banatzaile bat da eta munduko zona desberdinetako 90 lupulu mota ditu bere eskaintza zabalean.
Aurkezpena lupuluari buruz orokorrean eta aurtengo Ipar Hemisferioko herrialde desberdinetako uzten emaitzen inguruan izan zen. Ikusi zen guztia kontuan hartuta, hurrengo puntuak azpimarratuko nituzke.
– Erresuma Batuan urtea ez da erraza izan lupulu ekoizleentzat. Martxoa bero hasi zen, ondoren azken 120 urteetako uda hezeena etorri zen eta ondoren egun oso beroak uztaila bukaeran. Lursail arineko nekazariek arazo gutxiago izan zituzten udako gehiegizko urarekin, lur honen ezaugarriak direla eta ura drainatu eta sustraiek askatasun gehiago baitzuten.
Egoera honek alfa azido kopuruan izan du eragina, normalean baina alfa azido gehiagoko lupuluak lortu direlarik.
– Alemanian uztaila-abuztua bitartean egun oso lehorrak izan ziren eta lupulu landareek estresa jasan zuten, Tettnang eta Spalt motek bereziki, errendimendu txikiak lortuz. Zonalde honetan ere lupulu mota berriekin dabiltza lanean eta Polaris, Bavaria Mandarina, Huell Melon eta Hallertau Blanc lupulu usaintsuak guztiz saldu dira (kopuru txikiak jarri ziren).
– Txekiar errepublikan %30-40 inguru jaitsi da errendimendua uda oso bero eta negu oso hotz (-25ºC-ra iritsita) bat dela eta.
– Eslovenian desberdintasunak nabaritu dira errendimenduan ureztatze sistema duten ekoizleen eta ez dutenen artean.
– EEBB-tan Citra, Simcoe, Sorachi Ace, Ahtanum, Chinook, Cascade, Centennial eta antzeko lupulu usaintsuetan eskaintza eskasia dago artisau garagardo ekoizleen gorakada eta hazkunde handiagatik, mota honetako lupuluen prezioak gora egingo duela espero delarik.
Orokorrean, alfa azido kopuru handiko lupuluen lursail kopuruak behera egin du 2012. urtean baina EEBB-tako eta Zelanda Berriko lupulu usaintsuen lursail kopuruak gora egin du. Hala ere, lupulu usaintsu hauen egungo lursail kopurua ez dela nahikoa izango uste da garagardo artisau ekoizleen eskaera asetzeko.