GARAGARDOA OTORDUETA: Gerezi lambic garagardoa larunbateko afarian

Astelehenean komentatu nizuen bezala, larunbatean ekialdeko jatetxe batetara joan nintzen afaltzera. Janari motagatik aukeratu genuen jatetxea eta ez nuen espero inolako garagardo interesgarririk aurkitzea, baina horrelako jatetxeetan aurkitzea ohituta nagoen garagardo eskaintza baina handixeagoa zuten eta gerezi Lambic garagardo bat eskatu nuen.

Garagardo mota honetan, gerezi kutsua da gehienbat gainontzen dena, heltze prozesu luzean oinarrizko garagardoari gehitutako gerezi kopuruagatik. Nahiz eta hau horrela izan, ez gara jendeak  askok pentsa dezakeen bezala, garagardo gozo batetaz hitz egiten ari, oinarrizko garagardoa oso lehorra eta azidoa baita.

IMG_0234

Jateko ikaragarri gustatu zitzaizkidan oilasko bularki batzukin hasi nintzen, saltsa gozo batek estaltzen zuen oilaskoa eta garagardoak eskaintzen zion fruta kutsua oso ongi zetorkion.

Izokina hartu nuen bigarren plater bezala, arroz txuriaz lagunduta. Inoiz jan dudan izokirik hoberena izan zen larunbatekoa, izokinak normalean jatera ohituta nagoen izokinek baino gantz gehixeago zuen eta saltsa berezi (ez dakit zer zen…) ikaragarri batekin egina zeon. Garagardo honek duen azidotasun puntuak mokadu batetik bestera ahoa  garbitzen (gantza kendu) laguntzen zuen eta garagardoaren mikatztasun bajuak izokinaren ezaugarriak desberdintzen uzten zuen.  Ahate edo antzar haragia ere aukera ona litzateke garagardo mota honekin batera hartzeko arrazoi berberagatik.

Garizko alemaniar garagardo bat agian  egokiagoa litzatekeela uste dut afaldutako janariarekin, saltsak nire gusturako nahiko pikanteak baitzeuden,  baina horrelakorik ez zegoen beraien garagardo eskaintzan.

Probatu al duzue zuek Lambic Kriek garagardorik? Zein janarirekin batera hartu zenuten?

BERRIAK: Garagardo ekoizpena beheruntz Alemanian

Joan den azaroak 17an Alemaniako Suddeutsche egunkariak argitaratu zuen artikulu baten arabera, Alemaniako garagardogintza sektorearen datuak nahiko kezkagarriak dira.

Alemanian 1300 garagardo fabrika baina gehiago daude gaur egun eta dirudienez, garagardo kontsumoa beheruntz doa gelditu gabe.

90. hamarkadan alemaniarren garagardo kontsumoa 140 litro/urteko eta pertsonako zen, eta gaur egungoa 100 litro/urteko eta pertsonako baina gutxiagoa da.

Artikuluak alkoholaren kontsumoaren beherakadak zerikusia duela esaten du, gaur egun jendeak osasunari garrantzi gehiago ematen omen baitio.

Azpimarragarria den beste datu bat ere ematen da artikulu honetan, garagardo ekoizle txiki batena, beste ekoizle txiki batzuen antzera, salmenta kopurua urtero handitzen duena. Bere segmentua aurkitu duela dirudi honek enpresa handientzat hain erosoa ez den garai honetan.

Mundu osoan ematen ari den artisau garagardo iraultzak ere nolabaiteko eragina izango al du Alemaniako enpresa handiek bizi duten egoera honetan?

 

Artikulua (Alemanieraz): http://www.sueddeutsche.de/wirtschaft/deutscher-biermarkt-in-der-krise-na-dann-prost-1.1820124

BITXIKERIAK: Garagardo bainuak

Ez dakit zuetako inork noizbait probatu al duzuen edo noizbait burutik pasa zaizuen, baina garagardo bainuak errealitatea dira. Europako hotel eta tabernaren batek  eskaintzen dute aukera hau.

Hauetako bat Austrian kokatua dagoen Landhotel Moorhof hotela da, non egurrezko bañera antzeko batzuetan garagardo bainu bero bat hartzeko aukera dagoen garagardo hotz bat edaten den bitartean.

Bier-Bottich-Bad im LANDHOTEL Moorhof

Txekiar Errepublikan kokatua dagoen Chodovar Brewery garagardo fabrikako tabernan ere ur minerala eta garagardo iluna nahastuz eginiko bainua hartzeko aukera dago, eta diotenez onuragarria omen da.

Ez dut uste nik horrelako bainurik sekula hartuko dudanik, baina zuetako norbaitek noizbait probatu ezkero, eman esperientziaren berri!

Egun ona izan!

 

 

 

Argazkiak: Landhotel Moorhof eta www.czechtourism.com .