Marrubizko garagardoa

Londresen dagoen Meantime “mikro”-ari buruz hitz egin genuen duela aste batzuk. Bertan aldakorrak diren garagardo bereziak egiten dituztela ikusi genuen. Ba joan den astean hara joan ginen zerbait hartzera eta nire anaiak marrubizko garagardoa eskatu zuen.

Nik nire anaiak eskatutakoa probatzearekin nahikoa nuela zihur nuen eta azaleko hartziduraz ekoizturiko garagardo horixka bat hartu nuen.

Marrubizko garagardoa probatzean irabiatu baten antza gehiago hartu nion garagardo batenari baino. Marrubi zaporea nabari zitekeen (baina ezta gehiegi), eta garagardoa geldi denbora batez utzi ezkero, bi xafla desberdin nabarmendu zitezkeen edalontzian, erabilitako fruituen zatia beherantz joaten baitzen.

Ikusi duzuen bezala, argazki eta guzti atera genion.

Komuneetako harri bitxiak…

Ez dakit zuei ere horrelakorik gertatu zaizuen, baina seguruaski noizbait baietz. Tabernetako komunak mundu bat izan ohi dira, pixa egitera zoazela bakarrik pentsatzen duzu askotan eta bertako paretetan idatzitako poemaren bat edo esaldi interesgarriren bat irakurtzen ikusten duzu zure burua, edo agian oso ongi eginiko graffiti bat begiratzen zaudela.

Duela bi aste  komune batetan ikusi nuen argazki bat erakutsi nahi dizuet, asko gustatu zitzaidan eta momentuan kamararik ez nuenez, aste honetan berriz komune honetara ( baina oraingoan espreski argazkia ateratzera) joan nintzen.

 Ederra bai garagardo edalontzia baina baita gizonaren espresioa ere. Ez dakit zein urtetako argazkia den. Ez dakit ezta argazkiak benetan momentu horren errealitatea isladatzen duen, edo prestaturiko zerbait izan zen ere, baina lehenengo aukera dela pentsa nahi dut.

Azken finean, taberna batetako komunean aurkitu dudan eta zuekin partekatu nahi nuen argazki bat da. Komunean aurkituriko gustuko dudan argazki bat.

BITXIKIERIAK: Txirrinduan, hiria ikusiz eta garagardoa edanez

Guztion artean da ezaguna Alemania eta garagardoaren  munduaren lotura, historian zehar izan duen garrantziagatik eta bertako eskualde desberdinek ekoizten dituzten garagardo mota anitza dela eta.

Hala ere, agian ez duzue jakingo bertako hiri askotan (Kolonia, Frankfurt, Berlin etab.) posiblea dela garagardoa edatea hirian zehar txirrindu batean pedalak ematen dituzun bitartean. Ongi irakurri duzue: garagardoa + txirrinduan = hiriko kaleak ezagutu.

Beerbike bat alokatzea besterik ez da egin behar.

Hamasei pertsona esertzeko tokia du beerbike batek, bakoitzak aukeraturiko musika jartzea dago eta pedalei eragiten diezun bitartean garagardoa edateko aukera ere. Gidaria alokairu enpresako pertsona bat da noski.

Alemanian bizi nintzenean ikusi eta probatu nuen hau, Beasaingo lagun batzuk bisitan zeudela aprobetxatuz. Zenbat garagardo eramango diren ere norberak erabaitzen du, eta kopurua zenbat izango den ongi pentsatzea aholkatzen dizuet. Gure kasuan, alokatu genuen denbora baina 15 bat minutu lehenago bukatu zitzaigun garagardoa eta gehiago erosteko (berez ez dago baimendua) Kiosko batean gelditu eta tranbia bati bidea oztopatu genion! Hor ibili zen Bierbike-eko gidaria 10 bat minutu inguruan maniobrak eginez tranbiari pasatzen uzteko…

Euskal Herrian dauden aldapak direla eta ez dakit oso aproposa izango litzatekeen horrelako zerbait edukitzea…

Berriz ere hemen… eta udako kontu batzuekin…

Bueltan dator berriz Garagardo Ahotsa! Nahiz eta uda oraindik ez den bukatu, zuei garagardo munduari buruzko gauza gehiago partekatzeko asmoarekin nator, edo behintzat gai honen inguruko nire ikuspegia elkarbanatzeko asmoarekin.

Uda Londresen hasi nuela iada kontatu nizuen, eta nahiz eta lanean pasa dudan (eta jarraitzen dudan…), garagardo desberdinak ezagutzeko aukera izan dut.

Uztaileko azken asteburuan adibidez Bristol aldera joan nintzen hiria bera ezagutzeko eta asteburu horretarako antolatua zegoen jaialdi batetara joateko. Bristol bertan bi mikrogaragardotegi daude gutxienez, gutxienez diot nik biren berri izan bainuen. Ekoizle txikiak biak baina negozio kontzeptu desberdinarekin.

Bristol Beer Factory da hauetako baten izena, eta Zerodegrees bestearena. Pasteurizazio eta iragazpenik jasan ez duten garagardoak ekoizten dituzte bi enpresek, baina lehenengo botilako ekoizpenean dago murgilduta, eta bigarrenak ekoizpen toki berean duen jatetxean saltzen du garagardoa (300 bat pertsonek jateko tokia dute).

Lehenengoaren garagardoak taberna batetan ezagutu nituen. “Southville hop” amerikar estiloko IPA da probatu nuen lehena. Ondoren etxerako garizkoa eta milk stout garagardoa hartu nituen. Bristol Beer Factory duela 7 urte sortu zen, lehen zegoen tabako fabrikaren eraikina erosi ondoren.

Zerodegrees-ek Alemaniako hiri askotan aurki ditzakegun mikrogaragardotegi jatetxe baten kontzeptua du. Bertan edaten da gehienbat tokian ekoizten dena. Oso pizza onak egiten dituzte bertan, pasta eta arroz desberdinez aparte.

Pilsner, Pale Ale, gari eta garagardo beltza ekoizten dituzte, eta aldakorra den garagardo berezi bat ere egoten da. Bertako maisu garagardogilea alemaniako neska gazte bat da, Anna izenekoa, eta 1500 litrotako muztioa ekoizteko makinariarekin lan egiten du.

Beno, oporretatik bueltan idatzitako lehenengo sarrera izateko asko idatzi dudala uste dut gaurkoz… biharrarte!