BITXIKIERIAK: Txirrinduan, hiria ikusiz eta garagardoa edanez

Guztion artean da ezaguna Alemania eta garagardoaren  munduaren lotura, historian zehar izan duen garrantziagatik eta bertako eskualde desberdinek ekoizten dituzten garagardo mota anitza dela eta.

Hala ere, agian ez duzue jakingo bertako hiri askotan (Kolonia, Frankfurt, Berlin etab.) posiblea dela garagardoa edatea hirian zehar txirrindu batean pedalak ematen dituzun bitartean. Ongi irakurri duzue: garagardoa + txirrinduan = hiriko kaleak ezagutu.

Beerbike bat alokatzea besterik ez da egin behar.

Hamasei pertsona esertzeko tokia du beerbike batek, bakoitzak aukeraturiko musika jartzea dago eta pedalei eragiten diezun bitartean garagardoa edateko aukera ere. Gidaria alokairu enpresako pertsona bat da noski.

Alemanian bizi nintzenean ikusi eta probatu nuen hau, Beasaingo lagun batzuk bisitan zeudela aprobetxatuz. Zenbat garagardo eramango diren ere norberak erabaitzen du, eta kopurua zenbat izango den ongi pentsatzea aholkatzen dizuet. Gure kasuan, alokatu genuen denbora baina 15 bat minutu lehenago bukatu zitzaigun garagardoa eta gehiago erosteko (berez ez dago baimendua) Kiosko batean gelditu eta tranbia bati bidea oztopatu genion! Hor ibili zen Bierbike-eko gidaria 10 bat minutu inguruan maniobrak eginez tranbiari pasatzen uzteko…

Euskal Herrian dauden aldapak direla eta ez dakit oso aproposa izango litzatekeen horrelako zerbait edukitzea…