GARAGARDOAK: ACHEL TRAPPIST "Blond"

Orain dela aste batzuk nere lagun garagardozale amorratua den Fonte Madrilera etorri zen bisitan eta  berekin batera garagardo desberdin ugari ekarri zizkidan. Gaur edan dudan garagardoari buruz hitz egingo dizuet oraingoan, Achel Trappist “Blond” garagardoari buruz:

Garagardo hau belgikako garagardo trapista bat da. Etiketako  “Authentic Trappist Product” logoak benetako garagardo trapista bezala identifikatzen du. 80 urtez garagardoa ekoiztu gabe egon ondoren, 1998. urtean hasi ziren berriz Abadia honetako monjeak garagardoa ekoizten. 

Achel Trappist Blond garagardoa.


Jatorria: San Benediktoko Abadia (Achel, Belgika)

Hartzidura mota: Azaleko hartzidura

Jatorrizko dentsitatea: 18,2 ºP  

Malta: Garagar malta erabiltzen da. Honetaz gain, azukre txuria ere erabiltzen da.

Lupulua: 30 IBU inguruko garratztasuna.

Kolorea: Hori-urre kolorea.

Alkohol edukia: % 8 bolumenean.

Westmalle-ko legamia erabiltzen da hartzidurarako eta botilan ematen den hartzidura dela eta, garagardoaren arretasuna oso nabaria da.

Platano usainak nabari daitezke, eta baita metal usain pixka bat ere. Garagardoa edatean, alkohol eta fruitu zaporeak dira nagusi. Gorputz ertaina duela esan daiteke, eta karboniko eduki nahiko handia du.

ESKERRIK ASKO FONTE! 😉

º Plato: 100 gr-ko zenbat gr. extraktu dituen adierazten du.

Jatorrizko dentsitatea: Hartzidura hasieran muztioak duen dentsitatea adierazten du.

CHIMAY GORRIA: GARAGARDO TRAPISTA

Iada aurkeztu ditugu garagardo trapisten ezaugarri nagusiak, baina oraindik ez dugu bakarka talde honetako garagardorik ikusi. Chimay garagardo gorria 1863an Notre-Dame de Scourmont-eko abadian ekoiztu zuten lehenengo garagardoa da.Gaur egungo errezeta bertako abadiako Théodore-k sortua da, bigarren mundu gerra ondoren, garagardo fabrika konpondu eta gero.

Jatorria: Baileux, Chimay (Belgika)

Hartzidura mota: Azaleko hartzidura 

Malta: Garagar malta eta garia (malteatu gabekoa) eta azukrea ere erabiltzen dira azukre iturri gisa.

Lupulua: Bi lupulu mota erabiltzen dituzte, Galena amerikarra garratztasuna emateko eta Hallertauer alemaniarra usain bereizgarria emateko.

Kolorea: 45 EBC, Kobre-gorri kolorea.

Alkohol edukia:  % 7 bolumenean.

 Garagardo honetan, hartziduran prozesua dela eta abrikota* usainak nabari daitezke. Garagardo hau edateko tenperatura gomendagarria 10-12 ºC bitartekoa da.

*albaricoque

SAILKAPENA: GARAGARDO TRAPISTAK (II. atala)

Garagardo trapisten taldea iada duela astebete  aurkeztu genuen, orduan, garagardo trapistek logo bereizgarri bat dutela komentatu genuen. Logo hau edukitzeak, produktuak “International Trappist Association” erakundean ezarritako ezaugarri batzu betetzen dituela adierazten du:

  – Produktua trapisten monasterio barnean ekoiztutakoa izan behar da.

  – Produktuaren ekoizpen prozesua monasterioko monjeen kontrolpean ekoiztua izan behar da.

  – Produktuaren salmentaz lortutako etekina, ekintza sozialetara zuzenduko da.

Trapista bezala identifikatzen duen logoa

Jatorri desberdineko almidoi eta azukre desberdinak erabiltzea baimendua dute.

Garagardo trapistak (I. atala)

GARAGARDO TRAPISTAK (I. atala)

Garagardo mota hau ekoizteko baimena duten garagardo fabrikak 10 dira: Belgikako 6 monasterio , holandako 2, austriako 1 eta EEBB beste bat . Garagardo mota hau benetako trapista bezala identifikatzeko, argazkian ageri den logo bat edukitzea beharrezkoa da.

Hartzidura mota: Azaleko hartzidura

Jatorrizko dentsitatea: Garagardoaren araberakoa.

Malta: Frantziako edo Belgikako malta erabiltzeaz gain, azukrea ere gehitzen da egosketan.

Kolorea: Kolore oso desberdineko garagardoak aurki ditzakegu.

Alkohol edukia: % 6 – 12 tartean, garagardoaren arabera.

Orain dela 800 urte erabiltzen zituzten errezeta berberak jarraitzen dituzte garagardo mota hauek egiteko. Oso aromatikoak izan ohi dira gargardo hauek, fruitu usainak oso nabariak izanik.

WESTVLETEREN, ACHEL, ORVAL, ROCHEFORT ,  WESTMALLE, CHIMAY eta KONINGSHOEVEN ziren 2012. urterarte garagardo trapista ekoizle bakarrak. Ordutik hiru ekoizle gehiago daude: Stift Engelszell , St. Joseph’s Abbey, eta Brouwerij Abdij Maria Toevlucht .

Garagardo talde honen berezitasuna dela eta, gehiago hitz egingo da hurrengo egunetan:

Garagardo trapistak (II. atala)