BITXIKERIAK: Aireportuan ekoizturiko garagardoa…

Ni ere harrituta gelditu nintzen honen berri jakitean, baina hala da, Alemaniako Munich hiriburuko aireportuan bertan eginiko garagardoa edateko aukera dago, hau da, terminalen artean Airbräu izeneko garagardo lantegi edo “mikro” bezala ezagutzen diren garagardo ekoizpen toki bat dago.

Bertara inguratu ezkero, ekoizpen prozesuan erabiltzen diren kobre koloreko  beratze eta iragazpen kupelak ikusi daitezke jangelan bertan. Bertan egindako garagardoak edateaz gainera, bazkaldu edo afaltzen ematen dute.

http://stuckattheairport.com/wp-content/uploads/2009/09/MUNICH-Airbrau1.jpg

Hiru garagardo desberdin egiten dituzte urtean zehar (garizko bat, pils bat eta beste hori bat) eta sasoiko beste 5 garagardo desberdin garaiaren arabera (Doppelbock, garizko ilun bat, neguko ilaviatoruna, festbier eta udako garizko garagardo suabe eta freskagarria).

Garagardoa etxera eramatea dago (ordainduta noski…) 5 l.-ko kupel txiki edo 1 eta 2 l.-ko botiletan.

Horrelako aireportu batean xamurragoa egingo litzateke hegazkinaren atzerapena ezta?

BITXIKERIAK: Pilsen eta pils terminoak

Pils izena Pilsen izenetik dator, Alemaniako garagardo ekoizleak hasi ziren Pils terminoa erabiltzen Txekiar Errepublikako Pilsen hiriko garagardoekin ez nahasteko asmoarekin.

Txekiar Errepublikako garagardo ekoizleak hauzitara joan ziren Pilsen terminoa jatorrizko izendapen bezala kontsidera zedin. 1913. urtean Kolonia-ko (Alemania) hauzitegi gorenak Pilsen terminoa jatorrizko izendapen bat baino, estilo bati erreferentzia egiten zion termino bat zela adierazi zuen, garai horretan garagardo mota honen ekoizpena herrialde desberdinetan ematen baitzen.

Hauzitegi honek bestalde, alemaniar garagardo ekoizleei Pilsen izenaren ondoren garagardoa non ekoiztua izan zen jartzeko eskatu zien, Pilsen herrian ekoizten zirenekin ez nahastearren.

Arazoak gutxitzeko, hasieran esan dugun bezala, Pilsen terminoa ordez Pils terminoa erabiltzen hasi ziren Alemanian.

BITXIKERIAK: Garagardo eta malta ekoizleen intsignia, betikoa eta artistikoa

Hemen aurkezten den marrazkia garagardo eta malta ekoizleen intsignia da. Garagardoa egiteko lehengai batzuk (garagarra eta lupulu landarea) eta makinaria zein lan tresnak ageri dira (Beratze kupela, malteroen endaia, beratze goilara…).

Ondoren ikusi dezakezuen marrazkia Galesko garagardo fabrika txiki batean garagardo maisu bezala lanean dabilen Alemaniako neska batena da. Manga marrazkiak egitea afizio du neska honek. Bitxia iruditu zitzaidan garagardo ekoizleen insigniaren bertsio hau eta blogean partekatzea erabaki dut. Argazkian ez da nabari baina dimentsio desberdinetako marrazki bat da. Ideia nondik etorri zitzaion galdetzean hau erantzun zidan berak:

“Komiki bat marrazteko asmoa nuen neska honekin, baina zoritxarrez ideia ez zen errealitate bilakatu. Nire lana inspirazio iturri harturik,  neska marrazten hasi nintzen, baina ez zitzaidanez atzekaldea gustatzen, neska moztea erabaki nuen, eta hasieratik hastea. Hortaz berriz hasi nintzen garagarra, lupulua etab. marrazten. Atzekaldea beltza nahi nuela konturatu nintzen, horregatik dena berriz moztea erabaki nuen kartulina beltz batean itsasteko. Sakontasun pixka bat irabazi zezan kapa desberdinak jarri nituen. Marrazkia azken finean niretzako ariketa txiki bat izan zen”

BITXIKERIAK: Alkohol intoxikazio txikiak arazoak konpontzeko sormenean laguntzen omen du

Bitxia benetan, baina ez zait bitxia emaitza bakarrik iruditzen, mota honetako ikerketa “serioak” aurrera eramaten direla jakiteak ere asko harritu nau. Eta beno, ikerketa honen atzean alkoholdun edari enpresa bat balego ez litzateke hain harraroa izango, baina honakoa Estatu Batuetako University of Illinois-eko Psikologia departamentuak argitaratu du (Uncorking the muse: Alcohol intoxication facilitates creative solving…).

Ikerketak neurrizko alkohol kontsumo batek sormena erabiliz konpondu behar den arazo bati aurre egiteko gaitasunean zein eragin duen aztertu du, RAT * (Remote Associate Test) proba erabili zuten horretarako.

Ikerketa hau zergaitik aurrera eraman zuten ulertzeko lagungarri izan daitezkeen hitzak (artikuluaren sarreratik hartuak):

Aztoratutako prozesatze kognitibo batek; bai eromenak, lo egoerak, humoreak edo sustantzia baten erabilerak sorturikoak, artista, musikari, idazle eta arazoak konpontzen dituztenen sormena handitu dezakeelaren ustea zabaldua dago. Alkoholaren erabilera (bakarrik edo beste sustantzia batzuekin konbinatua) pertsonaia oso garrantzitsu askoren harrakastarekin lotua egon da (Beethloven, Poe, Hemingway, Coleridge, Pollock, eta Socrates).”

21-30 urte bitarteko 40 gizonek hartu zuten parte ikerketa honetan. Hauen erdiak odolean 0,75 g/l-ko alkohol kopurua zuten egoera batetara eraman zituzten (33 cl.-ko bi garagardo botila eta erdi gutxi gora behera), eta behin intoxikazio puntu gorenera iritsi zirenean ekin zioten RAT galderei erantzuteari. Beste 20 pertsonek ez zuten alkohol tantarik edan galderei erantzuko.

Emaitzak hurrengoak izan ziren:

Alkohola kontsumitu zutenek galdera gehiago eta denbora gutxiagoan burutzea lortu zuten

Emaitzak atentzioaren kontrolaren ikuspuntu batetik interpretatu direla diote ikertzaileek.

Emaitzak direna direla izanda ere, garagardoa ardurarekin kontsumitzea dela aukera egokiena gogorarazten dizuet, alkoholaren kontsumo ez arduratsu batek ondorio larriak izan baititzake gure osasunean.

*Remote Associate Test: Martha Mednick-ek (1962) sormena neurtzeko garatutako froga bat da, non partaideei hitz batzuk azaltzen zaizkien (hasiera batean erlaziorik ez dutela dirudi) eta falta dena asmatu behar dute.