Itsasoko ura erabiliz eta Itsasontzi batean kokaturiko makinariarekin garagardoa ekoizten

Blogean iada  Munich-ko aireportuan dagoen garagardo fabrikari buruz aritu ginen aurreko batean eta gaurkoan ere garagardo fabrika bat toki harraro edo gutxienez ez ohiko toki batetan kokatua dagoen proiektu baten berri emango dugu: Itsasontzi batetan jarri den lehen garagardo fabrikarena alegia.

AIDAblu enpresaren itsasontzi batetan  jarri zen martxan garagardo fabrika 2010. urteko Urtarrilean. Turistentzat itsasoan zehar eginiko bidaiak antolatzen ditu AIDAblu enpresak, Itsasontzian bertan, garagardo fabrikaz gain jatetxeak, tabernak, diskoteka eta antzeko zerbitzuak eskaintzen dituelarik.

Garagardo fabrikari dagokionez, 500 litro muztio aldiko ekoizteko ahalmena duen makinaria alemaniar batetaz ari gara. Heltze ontzietan 13000 litro garagardo biltzeko gaitasuna duelarik.

Hiru garagardo desberdin ekoizten hasi ziren eta kobrezko 1000 litrotako zerbitzatze ontzietatik bideratzen da garagardoa grifoetaraino.

Proiektu honen inguruko berezitasun bat, garagardoa ekoizteko erabilitako ura tratamendu bat jasa duen itsasoko ura dela da.

Proiektu hau martxan jarri ondoren, instalakuntza eta makinaria jartzeaz arduratu zen enpresa alemaniarrak proiektu berbera beste bi itsasontzietan martxan jartzeko eskariak jaso zituen.

Lagunentzat artisau garagardoa ordainduta uzteko joera berria

Duela aste pare bat kafetegi batzuetan ospea hartzen hasi den joera baten inguruan irakurri nuen prentsan; Kafea, ezagutzen ez duzun norbaitentzat aurretik ordainduta uztea.

Hau da, ordaintzeko dirurik ez duen pertsona baten kafea ordainduta uzten da, eta honek kafetegira iristean kafea dohanik jasotzeko “ordaindutako” batenbat dagoen galdetzea besterik ez du (eta norbaitek ordainduta batenbat utzita edukitzea).

Ba badirudi E.E.B.B-tan antzeko joera bat hedatzen hasi dela artisau garagardoarekin. Kasu honetan, ezezagunentzat izan ordez, lagun edo ezagun konkretu batentzat uzten da ordainduta artisau garagardoa. Hala egiten dute behintzat Solemn Oath Brewery brewpub-ean.

Beer for Friends

Lagun bati artisau garagardo bat ordainduta utzi nahi diozula? Ba egin behar den gauza bakarra garagardoa ordaindu eta norentzat den esatea da. Tabernariak zure izena (emaile bezala) eta zure lagunarena (hartzaile bezala) idatziko ditu arbelean. Laguna 60 egunen barruan taberna horretatik pasatzen ez bada, arbeletik kentzen dute izena eta ordaindu duen pertsonari dirua bueltatzen diote.

Zer iruditzen zaizue ideia hau?

Artisau garagardoa saltzen den taberna bat duzu? Joera hau martxan jarri eta guri honen berri ematen badiguzu, blogean zure esperientziaren berri emango dugu!

Artisau garagardoa lagunekin partekatzen!!!

Argazkia: Solemn Oath Brewery

BITXIKERIAK: Enpresa batek artisau garagardoa bidaltzen du ostiralero Londresko lantokietara

Deskbeers izeneko enpresa berri batek ostiralero Londresko enpresa desberdinetara bertako artisau garagardo botilak bidaltzen ditu. Enpresa berri bat da, ideia bikain bat proiektu interesgarrian bilakatu duena, eta gainera, bertako artisau garagardo ekoizle txikiak zein lekuko kontsumo bat bultzatzen duena.

Sei dira Deskbeers enpresaren filosofia laburbiltzen laguntzen duten puntuak (beraien web orrian ageri dira):

 1.- Edatea merezi duen garagardoa. Benetako garagardo estilo desberdinak bakarrik banatzen dituzten (lager, ale, stout-ak, bitter-ak…).

2.- Zure langileak saritu. Sari bat merezi dute aste osoan zehar gogor lan egin duten lantegiko langile zein nagusiek.

3.- Garagardo berriak dastatu. Deskbeers-eko garagardo adituen garagardo gomendioak entzun eta garagardo berri eta interesgarriak dastatu.

4.- Bertako garagardoa bultzatu. Zergaitik edan kanpoko garagardoa hementxe bertan dituzunean hoberenak?

5.- Garagardo ona Pub batetara joan gabe. Zaila izan daiteke garagardo ona Pub batetik kanpo lortzea, Deskbeers-ek lana erraza egiten du zuretzat.

6.- Alperra izan. Garrantzitsuegia zara dendetaraino joateko, utzi guk garagardoa zuri eramaten.

DeskBeers

Oraingoz ostiraletan 13.00-17.00 bitartean egiten dute banaketa interesa duten enpresetara 12 garagardo botilako kaxetan, botila bakoitzak 2,5 libra + B.E.Z-a balio duelarik.

BITXIKERIAK: Garagardo botilei erabilpen berriak ematen

Joan den astean Londres hegoaldeko artisau azoka batean egon nintzen eta deigarri suertatu zitzaidan postu bat ikusi nuen, Nigel jaunarena, beste beirazko produktuez gain erabilitako garagardo botilen erlojuak baitzituen salgai.

Garagardo botila erlojuak salgai!

Bera da saltzaile eta ekoizlea. Hogei urte inguru daramatza beirarekin lanean, baina duela 9 urte hasi omen zen “Beira beroa”-rekin lanean.

Gauza berriak probatzea gustatzen zaionez, garagardo botila batekin ea zer gertatzen zen ikusi nahi zuen. Emaitza ez zen txarra izan eta teknika hobetzen joan zen.

Horrela deskribatzen du garagardo botila erloju batean bilakatzeko jarraitzen duen prozesua: “Etiketa kentzen da lehendabizi, botila gutxinaka eta etapa desberdinetan berotu, kolapsatu arte, ondoren oso poliki hozten da beiraren “estresa” kentzeko. Behin hotza dagoenean, 24 ordu geroago gutxi-gora behera, erloju-orratzak jarri ahal izateko zuloa egiten da. Bukatzeko etiketa berriz jartzen da. Tenperaturak nire sekretua dira!!”

Etiketa puskatu gabe kentzea omen da gauza zailena.

 PENTAX Image PENTAX Image PENTAX Image

Mundu osoko herrialde desberdinetara bidaltzen ditu erloju hauek Nigel-ek, Ghanara adibidez 48 bidali zituen behin bertako garagardo enpresa batetara. Australian bizi zen Austriako gazte bati ere Austriako garagardo enpresa baten botila bat erloju eginda bidali zion anaiak, Australian garagardo hori ez zegoen eta faltan botatzen zuen eta.

PENTAX ImageNigel-en lana gustuko baduzue eta noizbait zerbait erosi nahi izan ezkero, bere web orriaren bitartez (prezioak ikusi daitezke hemen) edo bere posta elektronikora mezu bat bidaliz jar zaitezkete harremanetan: nigel@dernley.co.ukAdibide bezala, 330 ml-ko erloju botila batek 12,5 libra (15 euro gutxi gora behera) balio ditu,  3,5 libra (4 euro gutxi gora behera) gehiago izanik Ingalaterratik etxera bidaltzea.