GARAGARDOAK: Sierra Nevada Pale Ale

Duela hilabete inguru Amerikar Pale Ale estiloko garagardoak ikusi genituen eta gaurkoan estilo honetako garagardo mitiko bat dugu, Sierra Nevada Pale Ale.

1979. urtean sortu zen Sierra Nevada (Kalifornia, EEBB) enpresak ekoizten du garagardo hau, gaur egun garagardo zale zein ekoizle askoren oso gustukoa den Cascade lupulu ezagunaren ospearen “errudunetako” bat izanik.

Sierra Nevada Pale Ale garagardoa

Jatorria: Sierra Nevada (Chico, Kalifornia)

Hartzidura mota: Azaleko hartzidura ematen da ontzi irikietan.

Malta: Bi ilaratako pale eta caramel garagar maltak.

Lupulua: Magnum eta Perle dira garratztasuna ematen dioten lupuluak ( ertain-altua 37 IBU inguru) eta Cascade erabiltzen dute usain bereizgarriak emateko.

Kolorea: Anbar kolore iluna du.

Alkohol edukia: % 5,6 bolumenean.

Botilan bigarren hartzidura bat (azukre eta legami gehiketa batekin) eta iragazpenik jasan ez duen garagardo oso freskagarri bat da. Lore, pomelo eta belar usainak dira garagardo honen bereizgarriak.