Honako hau garagardo komertzialen “freskotasuna” jakiteko erabili dezakezuen informazioa da, hau da, garagardoa ekoiztu zenetik zenbat denbora pasa den jakiteko.
Garagardo komertzial batetaz ari naizenean iragazpen eta mikrobiologikoki egonkortzeko tratamendu termiko bat (pasteurizazioa, esterilizazioa…) jasan duen garagardo bati buruz ari naiz, edozein supermerkatu edo dendetan aurki ditzakegun eguneroko garagardoei buruz alegia.
Garagardo komertzialen kasuan, behin garagardoa botilaratzen den unetik aurrera “zahartzen” doala esan daiteke, hau da, pixkanaka berezko propietateak galtzen. Prozesu hau denbora eta tenperaturarekin azkartzen delarik. Sei hilabete arte normalean “ongi” irauten dute garagardo mota hauek, baina denbora honetatik aurrera garagardoa zein baldintzetan egon denaren arabera eta garagardo beraren arabera lehenago edo beranduago “zahartuko” da.
Pertsona desberdinek sentsibilitate desberdinak dituztenez, batzuk errazago nabarituko dute hau. Baina beno, nola jakin daitekeen zenbat denbora pasa den ekoiztu zenetik?
Hortarako iraungitze data zein den begiratu besterik ez da egin behar, eta data honi urte bete kendu. Hau da, eskutan dugun garagardoaren iraungitze-data 2013ko urtarrila bada, garagardo hori 2012ko urtarrilean ekoiztua izan dela esan nahi du. Garagardo komertzial ekoizleek urtebeteko epea eman ohi die garagardoei.
Hortaz badakizue, garagardoaren ekoizpen data eta kontsumitzen duzun egunaren arteko epea ahalik eta motzena izatea da hoberena.