(Atzoko artikuluaren jarraipena)
Entzima hau erabiltzeaz gain, askotan beta-glukanasa entzima erabiltzen da, iragazpenean denbora aurrezten laguntzen duena eta beste entzima amilolitiko batzuen aktibitatean hobetzen dutena.
Egoera likidoan azukre iturri bezala erabiltzen diren beste lehengai batzuk ere badaude, normalean zereal aleetatik lorturiko jarabe kontzentratuak izanik, baina eztia etab. bezalako lehengai originalagoak ere erabiltzen dira. Lehengai hauek egosketa bukaera aldean gehitu ohi dira likidoak direlako. Karbonatazioa lortzeko ere artisau enpresa askok azukre solido mota desberdinak ere erabiltzen dituzte, garagardoa botilatzean gehituz, botilan hartzidura emanik.
Etorkizunari begira jarri ezkero, industria biokimikoaren sektorean asmo handiko proiektuak dituzten enpresa garrantzitsuak daudela esan behar da, “garagardoa” malteatu gabeko garagarra erabiliz ekoiztu ahal izateko “Mix entzimatiko” batzuk lortzeko lanean ari direnak. Entsegu bat baino gehiago egin dute iada eta jende arruntaz osaturiko kata panelak baita. Pertsona talde honi betiko eran eginiko garagardoa eta malteatu gabeko garagarra eta “mix entzimatiko” hau erabiliz eginiko garagardoa eman zitzaien dastatzeko eta persona askok ez omen zuen desberdintasunik nabaritu bi produktuen artean.
Nik ere aukera izan nuen honela ekoizturiko “garagardoa” probatzeko, garagardogintza ikasketa garaian kide batzuen proiektu praktikoa honen inguruan baitzen, eta atzerriko enpresa biokimiko batek utzi zien “mix entzimatiko” hau. Hala izan zen, malteatu gabeko garagarra erabiliz ekoizturiko “garagardoa” egiteko gai izan ziren. Zer zapore zuen? Nolakoa zen garagardoa? Ba zerbait berezia nabaritzen zen, baino ezin esango nuke zer zen, eta enpresa handiren batek nahi izan ezkero horrelako produktu bat saltzeko aukera izango lukeela ere iruditu zitzaidan.
Niri sortzen zaizkidan galderak ordea hauek dira, zein izen izango luke modu honetan ekoizturiko edari batek? Herrialde desberdinetako elkigaia kodigoen arabera malta behar baita garagardoa ekoizteko. Kodigo hauetako garagardoaren deskribapena aldatuko dute? Benetan kaleratuko ote da noizbait malteatu gabeko garagarra eta “mix etzimatiko” hau erabiliz ekoizturiko edaririk?