BOON KRIEK (Gerezi zaporeko Lambic garagardoa)

Garagardo sailkapena atalean ikusi genuen azkeneko garagardo taldea Belgikako Lambic garagardoena izan zen. Hori aprobetxatuz, gaur talde honetako garagardo bat aurkeztuko da: Boon Kriek. Garagardo hau bihar ikusiko den Boon garagardotegiak ekoizten du, eta Kriek hitzak “gerezi” esanahia du Flandesko hizkuntzan.

Kriek Boon garagardo botila

 
Jatorria: Lembeek, Belgika.

Hartzidura mota: Berezko hartzidura (Ikusi hartzidura atala hemen klik eginez)

Malta: Garagar malta eta malteatu gabeko garia erabiltzen dira.

Lehengai bereziak: Gereziak (240 gr. litro bakoitzeko) eta azukrea ere gehitzen dira (Lambic garagardoek duten azidotasuna zertxobait neutralizatu nahian).

Lupulua: Ia garratztasunik gabeko garagardoa, erabiltzen diren lupuluak oso zaharrak eta oxidatuak baitira, eta garratztasuna ez baita lupulu gehiketarekin lortu nahi dena.

Kolorea: Gorri ilun kolorea.

Alkohol edukia: % 5 bolumenean.

Benetan berezia den garagardo bat da hau. Lambic gazte eta zaharren nahasketaz eta ondoren ematen den gerezi fruituen gehiketaz lortzen da garagardo mota hau. Gehitzen zaizkion gereziak direla eta, gerezi zapore nabaria du. Garagardoaren heltze prozesua egurrezko barriketan ematen da.

Garagardo honek Bruselasko Monde Selection lehiaketan urrezko domina irabazi zuen 2005. urtean.