SAILKAPENA: Amerikar Pale Ale garagardoak

Amerikar Pale Ale (APA) bezala ezagutzen den garagardo motak Ingalaterrako Pale Ale garagardo estiloan du jatorria. Oso modan daude gaur egun APA garagardoak eta artisau garagardo enpresa gehienek dute garagardo hau beraien produktuen artean.

The Kernell Pale Ale Motueka

Hartzidura mota: Azaleko hartzidura.

Jatorrizko dentsitatea:  11-12,5 ºP

Malta: Pale Ale garagar malta eta malta bereziak erabiltzen dira. Gari malta pixka bat ere gehitzea ohikoa da.

Kolorea: 12-28 EBC , urre kolore ilunetik kobre kolorera.

Alkohol edukia: % 4,5 – 5,6 bitartean .

Lupulua: 30-42 IBU tarteko garratztasuna bilatzen da lupulu gehiketarekin (ertaina-altua). Amarillo, Cascade, Centennial etab. bezalako lupulu amerikar usaintsuak erabiltzen dira, Ingalaterrako Pale Ale-en kasuan ez bezala.

Estilo honek fruitu, lore eta zitriko usain bereizgarriak ditu, amerikar jatorriko lupulua asko nabaritzen delarik. Amerikar jatorria ez duten lupuluak ere erabil daitezke, baina amerikar lupuluen usain antzekoak edukiko dituzte. Gorputz ertaina dute.

Sierra Nevada Pale Ale, The Kernell Centennial, Brewdog-en Punk IPA… dira adibide batzuk.

Zeliakoentzat egokia den garagardoa

Manex eta Leirerekin aritu nintzen gabonetan zeliakoentzat egokiak diren garagardoei buruz hitz egiten eta horren inguruan oraindik ezer idatzia ez nuela blogean konturatu nintzen. Horregatik, eta zeliakoentzat lagungarri izan dadin, hementxe doaz honen inguruko hitz batzuk:

Gaixotasun zeliakoa pertsona zeliakoek duten inmunologi sistemaren disfuntzio kroniko bat da, non zereal askotan (garagarra, garia etab.) aurkitzen den glutenaren gliadinak heste meharreko biloak kaltetzen dituen, elikagaien xurgatzean eragiten duena.

Espaniako Zeliakoen Erakundearen Federazioaren kalkuluen arabera, 40000 zeliako daude erregistratuak espainiar estatuan, baina adituek benetan 400 000 zeliako inguru daudela uste dute. Urtean % 15 igotzen omen da diagnostikatutako zeliako kopurua.

Zeliakoek badute garagardoa edateko aukera, baina  ”Zeliakoentzat egokia” den ziurtagiri bat eduki behar du, gazteleraz “Apto para celiacos” bezela ezagutzen dena.

Zeliakoentzat egokia den ziurtagiriaren logoa

Espainiako legeriaren arabera, “Zeliakoentzat egokia” den garagardo batek, 20 ppm (“partes por millón”) baino gutxiagoko gluten edukia izan beharko du.

Kataluniako Damm enpresaren “Estrella Daura” (3 ppm baino gutxiago) eta Zaragozako Ambar enpresaren “Ambar Para Celíacos” (6 ppm baino gutxiago) eta “0,0 Celíacos” (6 ppm baino gutxiago) dira gure inguruan aurki ditzakegun “Zeliakoentzat egokia”k diren garagardoak.

DauraAmbarZeliakoentzat egokia den garagardo batek eduki dezakeen gehiengo gluten kopurua desberdina izan daiteke herrialde desberdinen legediaren arabera, hortaz, atzerrira bidaiatzean, hau ere kontutan hartu produktua kontsumitu aurretik.

Non erosi dezakezun Zeliakoentzat egokia den garagardoa? Damm-en Daura garagardoa Alcampo, El Corte Ingles, Eleclerc, Hipercor eta Sabeco salmenta puntuetan aurki daiteke. Donostiako Never-Stop tabernan ere bai adibidez.

“Celiaco a los 30″ blogean ere horrelako garagardoa aurkitu daitekeen taberna batzuen mapa bat duzue, eta zuen laguntzaz ere hobea egin daitekeena.

Zeliakoentzat egokia den garagardoa saltzen duten beste salmenta punturik ezagutzen baduzue, idatzi mesedez blogera: garagardoahotsa@gmx.com

Ongi izan!!

SAILKAPENA: Belgikako garizko garagardoak

Estilo honetako garagardoa egiteko ohitura XV. Mende ezkeroztik dute Belgikako Hoegarden inguruan. Nahiz eta XX. Mende erdialdean nahiko utzia zegoen garagardo mota honen ekoizpena, momentu horretatik aurrera gora egin zuen eta makina bat ekoizle hasi zen berriz ere garagardo mota hau ekoizten.

Garizko garagardo alemaniarrekiko duten desberditansun nabarmenenak malteatu gabeko garia erabiltzea (alemaniarrek malteatutakoa erabiltzen dute) eta laranja azal eta koriandroa lehengai bezala ere gehitzen dituztela dira.

Jatorria: Hoegarden, Belgika

Hartzidura mota: Azaleko hartzidura

Malta: Garagar malta argiak (% 50 inguru)

Ordezkoak: Esan bezala, garia erabiltzen dute almidoi iturri bezala (% 50 inguru) garagar maltaz gain.

Lehengai bereziak: Laranja azala eta koriandroa.

Jatorrizko dentsitatea: 11 – 12,5 ºP

Garratztasuna: 10-17 IBU, lupulu nobleak erabiltzeko ohitura dago garratztasun gutxi emanez, eta lupulu flabore gutxi edo batere ez edukitzen dute.

Kolorea: Oso argiak izan ohi dira, 4-8 EBC. Laranja eta koriandro usainak nabarmentzen dira, beste espezia usain batzuk ere bereizi daitezkeelarik “clavo” usain eta zaporeaz gain. Botilan hartzidura bat jasaten dute normalean, gardenak ez diren garagardoak izanik.  Legamiaren flabore suabe bat atzematen da eta gorputz gutxi edo ertaineko garagardoak dira.  Azidotasun pixka bat edukitzea ere normala izan ohi da garagardo mota honetan.

Garagardo oso freskagarria, limoi xafla batekin zerbitzatzeko ohitura dagoena.

Hoegaarden, Blanche de Bruges, Blanche de Namur eta Wieckse Witte dira estilo honetako garagardo marka ezagun batzuk.

 

SAILKAPENA: PILSEN (II) Alemaniar eta Txekiar Pilsen garagardoen desberdintasunak

Pilsen garagardoak aurkeztu genituen iada bere garaian, baina gaur pixka bat gehiago sakonduko dugu estilo honetan, Alemaniar eta Txekiar azpiestiloen arteko desberdintasunak ikusiz.

Bohemian Pilsner edo Txekiar azpiestiloko Pilsen garagardoek erabiltzen duten ur suabeagoa (sulfato eta karbonato gutxiagokoa) dela eta, Alemaniar estiloko Pilsen garagardoek baino garratztasun suabegagoa eta usain eta flabore intentsoagoak aurki daitezke.

Usain eta garratztasun hau Saaz izeneko lupulua erabiliz lortzen da, Txekiar Pilsen-en bereizgarri den lupulua.

Kolore ilunagoa eta zapore biziagoa izaten dute Alemaniar Pilsen-ekin alderatuz, ekoizpen prozesuan beratze eta egosketa prozesuak denbora luzeagoz ematen baitira.

Pilsen Urquell, Gambrinus Pilsen eta Czech Rebel dira txekiar estiloko garagardoen adibide.

Alemaniar Pilsen-ak (nahiz eta Alemania iparraldekoak eta hegoaldekoak desberdindu ditzakegun) garagardo lehorragoak izan ohi dira garagardoa ekoizteko erabiltzen duten urak sulfato gehiago baitu, atenuazio gehiago lortu daitekeelarik hartziduran.

Txekiarrak baina argiagoak dira ere eta Alemaniako lupulu nobleak erabiltzen dira (Hallertauer, Spalt eta Tettnanger).

Krombacher, Bitburger, Warsteiner, Beck’s… dira alemaniar Pilsen azpitaldeko adibide batzuk.