HISTORIA: XVII. mende bukaera

Espainiako Carlos II. Erregeak garagardoaren espainiako lehenengo zergak ezarri zituen (1679. urtea), 4 “maravadi” (garai hartako moneta) garagardo litro bakoitzeko ordaindu behar zirelarik. Zerga hauen zati bat bera eta Maria Luisaren arteko ezkontza ordaintzeko erabili zela esaten da.

Urtebete beranduago madrilgo lehen garagardo fabrika ezarri zen Barquillo kalean. Enrique Coremann zen jabea eta 240000 litro urtean ekoizteko ahalmena zuen.

GARAGARDOA DESKRIBATZEN: Edangarritasuna edo “Drinkability”-a

Garagardo desberdinek eta bereziki garagardo estilo desberdinek edangarritasun desberdina dute. Zer den edangarritasuna? Ba garagardo batek pertsona batengan gehiago edaten jarraitzeko gogoa sortzen duen garagardoaren “ezaugarri” bat dela esan daiteke. Garizko garagardoa eta pilsner garagardo bat konparatu ezkero, lehenengoak edangarritasun gutxiagoa duela ikus dezakegu.

Edangarritasuna nola neurtzearen inguruan ez dago akordiorik aditu desberdinen artean, baina gutxienez guztiek onartzen dute fenomeno erreal bat dela.

Ezaugarri honen garrantzia ikuspuntu komertzial batetatik aztertu ezkero, argi dago gauza garrantzitsua dela, enpresa handiek garrantzi handiena ematen diotelarik. Garagardo edangarriago batek etekin handiagoak ematen baititu.

Faktore desberdinek eragiten dute edangarritasunean: Egoerak, psikologiak, pertsonaren fisiologiak, garagardo estiloak eta garagardo beraren ezaugarriek.

Garagardoarekin zerikusia duten faktoreak kontutan hartu ezkero, estiloak garrantzi handia edukiko luke. Garratztasun, alkohol kopuru, gorputz, usain edo flabore handiko garagardoek edangarritasun gutxiago dute.

Estilo berbereko gargardo bat hartuta, garagardo borobilek (ezaugarri desberdinen “balantzea”) edangarritasun handiagoa dutela ikusten da. Enpresa handiek ekoizten dituzten Pilsner (munduan gehien edaten dena) estiloko garagardoa hartu ezkero, arroza, artoa eta azukrea bezalako ordezkoak erabiltzeak edangarritasuna handitzen duela ikusten da. Arroza eta artoa munduko garagardo enpresen %90-ak baina gehiagok erabiltzen dute maltaren ehuneko baten ordez.

Oineko hartziduraz ekoizturiko garagardoetan “freskotasuna” (ekoizpen datatik pasa den denbora) faktore garrantzitsua da baita, zaharragoak diren garagardoek edangarritasun gutxiago azaltzen dutelarik.

Garagardo enpresa handi batean lan egiten duen ikaskide ohi batek esanda, beraien enpresan, garagardoaren “drinkabitility” frogak egiten dituzte dastatzaile panel batekin, non garagardo bat bestearen ondoren edaten duten musika entzuten duten bitartean, aldi berean garagardoaren ezaugarrien deskribapena egiten dutelarik (garagardo bakoitzeko).

HITZETAN: Dave Berry

” Inongo zalantzarik gabe, gizakiaren asmakuntza hoberena da garagardoa. Ah, gurpila ere oso asmakuntza ona izan zela onartuko dizut, baina gurpilak ez du garagardoak bezain bikote ona egiten pizza batekin”

Dave Berry

Eta zergatik…?

Eguneroko bizitzan aurki ditzakegun gauzen inguruko jatorriaren inguruan pentsatzen jarri al zarete noizbait? Zergatik izan diren etxeko hozkailuak txuriak adibidez , edo arraultzak dozenaka kontatzeko ohitura nondik datorren? “Azkurea” edo azka egiteko gogoaren sentsazioa nondik datorren? Eta garagardoa seinaka saltzeko ohitura?

Ba ez naiz ni izango  gaur lehenengo galdera hauen erantzunak emango dizkizuena (ongietorriak dira  hauen inguruko erantzunak…), baina garagardo botila eta latak “Six-pack” bezala edo seinaka saltzearen jatorria zein den kontatuko dut horren ordez. Dirudienez, 1930-1940 bitartean ezarri zen garagardoa seinaka saltzea, zergatik? Ba garai hartako emakume batek supermerkatutik etxera eraman zezakeen gehiengo pisua baitzen.

Eskerrak garai hartatik hona zertxobait behintzat aldatu diren gauzak, nahiz eta oraindik ere arlo askotan etxeko lanak egin gabe ditugun.