Duela hilabete batzuk Never-Stop tabernako Gaizkak gaztelerazko “amargor” ezaugarria garagardoari dagokionez mikatztasuna bezala ezagutzen zuela komentatu zidan eta eztabaidatxo bat eduki zutela tabernako batzuek honen inguruan.
Nik ere hasiera batean dudak nituela komentatu nion, mikatztasuna eta garrantztasuna baitziren nire ustez ezaugarri hori deskribatzeko hitz egokienak. Duda hau lagun eta ezagunei plazaratu nien.
Nire inguruko gehiengoak garratztasuna hitza erabiliko luketela zioten, baina jendeak bere dudak zituela argia zen. Gainera, Euskal Herria nire inguruko jende multzo txikia baina askoz ere anitzagoa da eta eskualde desberdinetan bizi den jendearen iritzia jakin nahi nuen.
Londresko Euskal Etxeak ekintza desberdinak antolatu ohi ditu eta hauetako batetan, Euskal Herriko txoko desberdinetako (gipuzkoarrak, naparrak, bizkaitarrak..) 20 bat pertsona bildu ginen. Horrela, bertan zeudenei banan-banan galdera hori egin nien, zein euskarazko hitz erabiltzen duzu gazteleraz garagardoren ezaugarri den “amargor” hitza adierazteko?
Galdera irekia izan zen, erantzun posiblerik eman gabe. Erantzunen artean bitxia izan zena, gehiengoak zihur asko erantzuten zuela. Eman ziren erantzunak garratztasuna (7) , mikatztasuna (7) eta mingotstasuna (6) izan ziren.
Dirudienez hiru hitz hauek erabili ohi dira garagardoaren “amargor” ezaugarria adierazteko, eskualdearen arabera bat edo beste maiztasun handiagoaz erabiliz.
Hori dela eta, hemendik aurrera hiru hitzak erabiliko ditut blogean, baina hala ere, zuen iritzia jakitea gustatuko litzaidake.
Zein euskarazko hitz erabiltzen duzu gazteleraz garagardoren ezaugarri den “amargor” hitza adierazteko? Erantzunak Facebook, twitter, bloga edo garagardoahotsa@gmx.com bitartez eman ditzakezue. Erantzuna ematean zein herritakoak zareten jartzea eskertuko nizueke.
Egun ona izan!