Entzimak

Erreakzio biokimikoetan katalizatzaile bezala jarduten duten proteinak dira. Hau da, erreakzio hauek azkarrago ematea edo erreakzioa bera ahalbidetzea da hauen zeregina.

Entzimak ezinbestekoak dira garagardoaren ekoizpen prozesuan:

Almidoia hidrolizatzen (puskatzen) azukre molekula txikiagoak lortzeko adibidez ekoizpeneko beratze prozesuan. Amilasa entzimak izena ematen zaie hauei.

Almidoi zakutxoak inguratzen dituzten proteinak apurtzeko baita. Proteinasak izena dute hauek.

Hartzidura egiten duen legamiaren metabolismoan ere eginkizun garrantzitsuak betetzen dituzte entzima hauek.

Aurrerago ikusiko ditugu sakonago entzima talde hauek.

Ondo izan!

Oinarrizko maltak

Garagardo mota desberdinak ekoizteko garagar malta (edo beste zereal batzuen) desberdinen nahasketa bat ematen dela ikusi dugu aurreko batean.

Garagardoaren ekoizpen prozesurako garrantzitsuak diren entzima batzuk dituela maltak ere aipatu da blogean batzutan, malta talde batzuek, malteatze prozesuan jasandako txigorketa tenperatura altuagoak direla eta, entzima kopuru txikiagoa izaten dute.

Horregatik, malta desberdinen nahasketa batetan entzima gutxi duten malta batzuk eta entzima asko edo nahikoa duten beste batzuk izaten ditugu.

Hau horrela izanik, ekoizpenerako behar adina entzima emango dizkigun malta taldeari “oinarrizko maltak” izena ematen zaio. Hauetako maltaren bat edo gehiago beti edukiko baitugu garagardo errezeta batean.

Talde honetan hurrengo maltak aurki ditzakegu, aurrerago gutxinaka deskribatzen joango garenak: Pale malta, Mild Ale malta, Pilsen malta, Lager malta, Vienna malta, Munich eta Rauchmalz maltak.

Hauetako malta bakoitzak ezaugarri propioak izango ditu.

London Brewers Alliance-n astearteko bilera…

Asteartean eduki genuen Londresko garagardo ekoizleok hilabetean behin gutxi gora behera izaten dugun bilera. Mundua oso txikia dela esaten dugu askotan eta horixe bizi izan nuen nik astearte honetan bileraren hasieran.

Moncada garagardotegiko Julio argentinarrarekin hitz egiten nengoela, hantxe ikusi nuen Ben gugagana zuzentzen, duela 6 bat urte Koloniako (Alemania) mikro garagardotegi batean nire lehenengo praktikak egiteko aukera eman zidan garagardogilea hain zuzen ere!

Urteak ziren bere berririk ez nuela, eta duela 2 hilabete inguru iritsi dela Londresera kontatu zidan, hemengo garagardo enpresa batetan lan egitera.

Lehenengo “sorpresa” honen ondoren, bilera  nahiko ongi joan zen. 30 bat pertsona bildu ginen eta LBA-k jaialdi txiki bat antolatuko duela erabaki adostu zen, gure artean antolatutako ekitaldi ez oso handi bat, eta hemendik urtebetera handiagoa den garagardo jaialdi batetan pentsatzen hasi gaitezkeela ere komentatu zen.

 Hiru garagardo enpresa handienetariko ordezkariek ere beraien laborategiak erabiltzeko aukera luzatu ziguten LBA-ko beste kideoi.

London Fields Brewery garagardotegian izan zen bilera, nahi adina garagardo edateko aukera izan genuen eta nik Galaxy IPA, Marynkya IPA, Delta IPA, Love not war eta Porter bat probatu nituen.

Oso ondo afaldu genuela ere esan beharra dago. Bilera ostean bertan geratu ginen gutako batzuk garagardoaren inguruko kontuez berriketan.

Hurrengo bilera, Abenduak 4an izango dugu, Camden Town Brewery garagardotegian.

Garalotzari erabilpen berriak ematen…

Aurreko batean garalotza zer den ikusi genuen. Gaurkoan, garagardo enpresa desberdinek garalotza hondakin bezala kudeatu ordez, zein beste erabilpen ematen dioten ikusiko dugu. Azaltzen diren kasuek gaur egungo egoera isladatzen dute nolabait.

Animalien elikagai bezala erabiltzea da gehien hedatua dagoen praktika.  Txerri, oilo, asto etab. bezalako animaliek oso gustura jaten dute garalotza, horregatik, garagardo ekoizle askok baserri edo animaliak dituen nekazari batekin egiten du tratua ekoizpenean sorturiko garalotza jaso eta beraien animaliei eramateko. Baserritarrak dohako elikagaia lortzen du hala bere animalientzat eta garagardo ekoizleak ez du zertan kezkatu garalotzarekin.

Coloradon dagoen Arvada Beer Company enpresak txakurrentzat gailetak egiten dituen enpresa bati ematen dio garalotza.

Coloradon baita dagoen The Fort Collins Brewery enpresak beraien taberna batetan ogia egiten du beraien garagardo mota baten garalotza erabilita.

Konpostaturiko garalotza ere lur sailak zein belardi desberdinak ontzeko erabiltzen da. Reuben´s Brews-ek adibidez produktu organikoak ekoizten dituen elkarte bati ematen dio garalotza, hauek perretxikoak hazteko erabiltzen dute, nitrato eta sulfato kopuru handia baitu.

Eta bukatzeko, baina ez horregatik aukera txarrena, garalotza energia iturri bezala erabiltzen den kasua dugu. Lurrina ekoizteko biomasa (garalotza kasu honetan) erregai bezala erabiltzen duen lurrin makina garatu du Alascan Brewing Company enpresak. Honela, “ekoizpen prozesuan behar den lurrinaren erdia baino gehiago ekoizteko aukera ematen digu” dio enpresa honetako Ashley Johnston-ek.

Hauek dira ba garalotza modu sostengarrian kudeatzeko gaur egun dauden praktikak.