…. Trumans-eko kideekin izandako elkarrizketaren bigarren zatia duzue honakoa:
Zuen gustuen inguruan hitz egin dezagun… Gogokoen duzuen garagardo estilorik ba al duzue?
Ben: Nik garagardo guztiak ditut gogoko… ez, ez, broma da! Esaldi batek zioen moduan… “Ez dago garagardo txarrik, zurea bezain onak ez diren garagardoak baizik”.
Denetik probatu behar dela uste dut, baina gauza batetaz konturatu naiz eta nire kasuan ere ematen dena, hazi zaren garagardoak dira askotan gehien gustoko dituzunak, eta nire kasuan hori Kölsch estiloa da.
Kolonian bizi izan naiz eta bertan ekoiztu dut, Alemanian, gehienbat Kölsch garagardoa edaten hazi naizelarik. Kölsch garagardo estiloa oraindik gutxiesten den garagardo bat da nire ustez… Erresuma Batuan oso ongi salduko litzateke… eta agian nolabait iritsiko da (Sandro eta James-i begiratuz farre egiten du).
Milioi bat biztanleko hiri bat izateko 9 garagardo fabrika daudela uste dut, anitztasun handia nire ustez…
Kolonia utzi nuen arrazoietako bat seguruaski lupulua da, lupulu mota desberdinak gustatzen zaizkit, ez alemaniarrak bakarrik, eta hona etorrita (Erresuma Batura) garagardo mota desberdinak ditugu. Gure enpresan garagardo ingeles tradizionalak ditugu baina berrikuntza nahikoa ere egiten ari gara, betiko garagardo eta estilo berrien nahasketa polit bat da.
Sandro: Garagardo guztiek dute zerbait, pertsonalki garagardo ilunak gustatzen zaizkit… Schwarzbier, Porter, Brown Ale… baina nik garagardo mota guztiak ditut gustuko. Pilsner garagardoa adibidez oso edangarria da, Porter-ak zapore oso ona du, malta zaporea…. eta lupulu asko duen zerbait nahi izan ezkero IPA estiloa da hoberena. Ez dut uste garagardo onena dagoenik… agian erantzun oso orokorra da….
Ben: Egoera bakoitzarentzat garagardo bat dago beti. Neguan hotz asko edo udan bero asko egiten duenaren araberakoa da….
Sandro: Udan Porter edo Oatmel Stout bat edaten badut adibidez, ba oso onak dira bai baina agian hobe sartuko litzateke Pilsner edo Kölsch bat…. Zuretzat James?
James: Ezinezko galdera bat bezalako da… oraindik eta gauza gehiago edan eta estilo berriak probatu, orduan eta gehiago dakizu estilo berrien inguruan…. hilabete batetan garagardo estilo bat sartzen zait buruan eta hurrengo hilabetean beste bat….Baina Ben-ek arrazoi duela uste dut hazi zaren garagardoa izan ohi dela nolabait gehien gustatzen zaizuna. 13-14 urte nituenetik Haverveys Bitter bat eta Pale Ale bat zeuden garagardo fijo bezela Pub-ean… eta beti izan dute toki berezi bat nire bihotzean… Baina behin hori esanda… Zelanda Berriko lupuluak ere gustuko ditut… garizko garagardo on bat…
Zein da errezeta berriak sortzeko jarraitzen duzuen prozesua, nola jartzen duzue edalontzi batetan buruan darabilkizuena?
Gu geuk batera sortu ditugu orain ekozten gabiltzan garaiko garagardoak… Trumans-en gauza ikaragarrietako bat errezeta zaharrez beteriko liburu bat dutela da eta gu errezeta zahar hauen artean zubi bat eraikitzen saiatzen gara, ukitu moderno bat emanez eta berriz guganaino ekarriz. Behin London Keeper izeneko Double London Export Stout garagardo bat ekoiztu genuen, oso berezia, eta Trumans-en errezeta zahar batetan oinarritu nintzen. Egin nuena azken finean nire garagardoaren inguruko jakintza errezetan jartzea izan zen…
Beste alde batetik baita, salmenta departamentuko lankideek ere garaiaren arabera garagardo mota bat edo beste egiteko eskatzen digute. Elkarrekin esertzen gara, horren inguruan pentsatzen dugu, Sandro-ri nire ideiak elkarbanatzen dizkiot eta berak bira bat ematen dio…. orain hirurok batera esertzen hasi gara lupuluen inguruan usaintzen duguna partekatzen…. eta hau ona da, honekin ongi legoke… aurkitzen saiatzen gara.
Garagardoak elkarrekin garatzea oso ona dela uste dut, buru bat bakarrik baino gehiago dagoelako, eta hori baita kalitatezko garagardo orekatuak lortzen laguntzen duena. Gure helburua beti garaiko garagardo orekatu eta edangarri bat egitea da, eta orainarte ondo irten zaigu ekoiztutakoak hegan egin baitu, itzela dena!
Twitter eta Facebook bezelako tokietan jendeak zure garagardoen inguruan pentsatzen duena irakurtzea atsegina da eta jendearen ahoetara iristen ari garela jakitea.
James: eta oso zortedunak garela ere uste dut, garai batean Trumans-ek erabiltzen zuen legami berbera erabiltzeko aukera baitugu, legami mota hau erabili dezakeen garagardo fabrika bakarra gara. Gure garagardoek zapore desberdina dute, behin bat edaten duzunean badakizu… hau Trumans-en garagardo bat da.
Ben: Ikaragarria izan da gure garagardoak legami honen inguruan nola garatu diren ikustea eta legamiak nola lan egin duen ikustea, elkarrekin esertzen ginen eta burua hautsi genuen galdera askorekin… legamiarekin erlazio bat sortu genuen nolabait, oso atsegina dena.
Zerbait garatzeko modu hoberena horren inguruan hitz egitea dela uste dut eta ondoren produktua lortzea. Hau da nahi dudana, hau da egin behar dena…. Horrek agian ez nau oso alemaniarra egiten…. baina ez dut araurik behar garagardo bat garatzeko.
Sandro: Bai, lehengai berriak erabiltzen ditugu eta hauek erabiltzen ditugu garagardo berriak egiteko.
Elkarrizketak luze jo zuen, eta musika kontuez ere aritzeko beta eduki genuen, baina gaur elkarbanatutakoa nahikoa dela iruditzen zait oraingoz. Trumans-eko mutilekin pasatako arratsaldea beraien enpresako cask garagardo kupel batekin pasa genuen… barbakoan erretako janariarekin bat jakina….Ben-ek DJ lanak ere egin zituen eta hemen berari asko gustatzen zaion abestietako bat jartzeko asmoa nuen baina bideoa youtube-ra igotzeko arazoak izan ditut, hortaz ea beste egun batetan igotzeko aukera dudan.
Asteburu ona izan!!!