Malta ketua

Malta ketua Bamberg hirian ekoiztu izan da aspalditik bertan egiten da eta  Rauchbier/garagardo ketua estiloaren bereizgarritasuna ematen dio.

Malta mota hau ekoizteko moduak duen berezitasuna zera da, garagar malta lehortu edo txigortzeko garaian aire beroa erabili ordez, pago egurra erretzean sortzen den kea erabiltzen da. Modu honetara, malta honek zein garagardo estilo honek duen zapore eta usain “ketu” hori lortzen da.

Kolorea: 4 -8 EBC tarteko kolorea.

Erabilera: Garagardo ketuak egiteko ezinbestekoa da horrelako malta erabiltzea, baina garagardo estilo hauetaz gain, porter, amerikar Pale Ale etab. bezelako garagardoetan ere erabiltzen da batzutan (% txikian) ketu ikutu atsegin bat lortzeko ( smoked beer). % Txikian erabilitako garagardo komertzial baten adibide dugu Beavertown ingelesen Smog Rocket (Smoked Porter oso atsegina!).

Ehunekoa: Malta kargaren % 100-a erabili daiteke garagardo ketuak egiteko, eta % txikia erabili ohi da beste estilo batzuetan esan bezala.

Ezaugarriak: Malta mota hau erabiltzeak usain zein zapore ketuak ematen dizkio garagardoari.

 

MALTA MOTAK: Crystal Malta

Crystal malta oraindik hezetasuna duen garagar malta txigortu baina lehen beratze tenperaturetan (65-75 ºC inguruan) berotuta lortzen da. Oraindik hezea dagoen malta honetan almidoiaren hidrolizazioa ematen da tenperatura horietan, azukrea sortuz eta honen karamelizazioa emanez. Malteatze prozesua txigorketarekin bukatzen da, azken prozesu honen denbora desberdinek Crystal malta mota desberdinak emango dizkigularik: Crystal malta argia, crystal malta ertaina eta Crystal malta iluna.

Crystal malta ilunaKolorea: Esan bezala kolore desberdinetako Crystal maltak aurki ditzakegu. Argiak 40-80 EBC bitartean, ertaina 90-150 EBC bitartean eta Crystal malta ilunak 160-250 EBC artean ditu.

Erabilera: Garagardo estilo desberdinak ekoizteko erabiltzen da malta mota hau. Ehuneko desberdinetan amerikar garagardo gorriak, Pale Ale, amerikar IPA, bitter ingelesak, munich lager iluna etab. bezalako garagardo estilo zabal batetan erabilia.

Ehunekoa: Malta kargaren %15-20 gehienez.

Ezaugarriak: Crystal malta mota eta kopuruaren arabera, kolore gorrixka argi edo ilunago bat gehitu diezaiokegu garagardoari. Hartzi ez daitezkeen azukre ugari ditu, garagardoari gozotasun puntu bat eman eta gorputza gehitzen diona. Era berean, oso lupulatuak diren garagardoetan gehitu ezkero, garagardo orekatuago bat lortzen laguntzen du. Karamelu, gaileta eta antzeko zaporeak ematen ditu, crystal malta mota bakoitzak ezaugarri desberdinak dituelarik.

MALTA MOTAK: Malta beltza

Malta beltza,  Pale Ale malta tenperatura altuetan txigortuta lortzen da. Ekoizpenean malta mota hau erabiltzeak garagardoaren mikatztasuna (garratztasuna) handitu dezake. Malta etxe desberdinek beraien errezeta eta lan egiteko modu propioa dute, eta etxe desberdinetako malta beltzek mikatztasun desberdina eman dezakete.

 Sample Image - Black Malt

Ezaugarri nagusiak:

Kolorea: 1200 – 1500 EBC bitarteko kolorea.

Erabilera:  Porter, Stout eta Schwarzbier bezalako garagardo ilunak ekoizteko erabiltzen da.

Kargaren ehunekoa: Malta kargaren % 10 arte erabili daiteke.

Emaitzak: Garagardoari kolore beltza eta txigortu usain zein zaporeak gehitzen zaizkio.

MALTA MOTAK: Munich malta

Munich bezala ezagutzen den maltak Pilsen maltak izan duen malteatze prozesu antzekoa jasaten du, desberdintasunak Munich maltaren lehortze denbora luzeagoetan (tenperatura pixka bat altuagoak izanik) eta txigorketa beroagoak (105 ºC inguruan Pilsen maltaren 80-95 ºC-arekin alderatuz) dira besteak beste.

munichmalta

 Honek Pilsen maltarekiko ezaugarri bereizgarriak ematen dizkio. Hauetako bat duen entzima kopuru txikiagoa da, txigorketa Tª altuagoetan ematen baita. Nahiz eta entzima gutxiago eduki, Munich maltak berak duen almidoia hidrolizatzeko gai da.

Kolorea: 12-30 EBC , malta enpresa batzuek 2 kolore desberdin eskaintzen dituzte (12-18 EBC) eta (20-30 EBC) bitartekoak.

Erabilera: Schwarzbier, Stout, Bock, Brown Ale, Amber etab. bezalako garagardo estiloekin erabilia, oineko zein azaleko hartziduraz ekoizturiko garagardo ilunetan ere orokorrean.

Ehunekoa: Malta kargaren % 100-a erabili daiteke.

Ezaugarriak: Malta usainak eta txigortu gustu pixka bat ematen du garagardoan, kantitatearen arabera kolore argi edo ilunago bat ere lortuz. Garagardo ilunetan gorputza eta usainak nabarmentzen laguntzen du.