GARAGARDOA DESKRIBATZEN: Bukaerako dentsitatea (BD)

Bukaerako dentsitatea (BD) garagardoak hartzidura prozesua bukatu duenean duen dentsitatea da. Hartzidura hasieran garagardoak dentsitate bat du (JD), “azukre” kopuru jakin baten berri ematen diguna, eta hartziduraren bitartez alkohol eta CO2-an bihurtuko dena (beste azpiproduktu batzuek sortzeaz aparte).

Horrela, hartzidura aurrera doan ahala, azukre kopurua txikitzen eta alkohol kopurua handitzen joango da. Hartzidura bukatzean legamiak alkohol bihurtu ez dituen azukre molekulak geratzen dira oraindik garagardoan, bukaerako dentsitatearen bitartez neurtu daitekeena.

Garagardo mota desberdinek bukaerako dentsitate desberdina dute. Erabilitako lehengaiek, beratze prozesuan erabilitako tenperatura-denbora eskema mota, hartziduran izandako baldintzak, legami mota eta honen egoera etab. bezalako faktoreek eragin zuzena dute BD-an.

BD altuago batek azukre kopuru handiago bat geratu dela hartzi gabe esan nahi du, BD txikiago batek alderantzizko informazioa ematen digularik.

GARAGARDOA DESKRIBATZEN: Edangarritasuna edo “Drinkability”-a

Garagardo desberdinek eta bereziki garagardo estilo desberdinek edangarritasun desberdina dute. Zer den edangarritasuna? Ba garagardo batek pertsona batengan gehiago edaten jarraitzeko gogoa sortzen duen garagardoaren “ezaugarri” bat dela esan daiteke. Garizko garagardoa eta pilsner garagardo bat konparatu ezkero, lehenengoak edangarritasun gutxiagoa duela ikus dezakegu.

Edangarritasuna nola neurtzearen inguruan ez dago akordiorik aditu desberdinen artean, baina gutxienez guztiek onartzen dute fenomeno erreal bat dela.

Ezaugarri honen garrantzia ikuspuntu komertzial batetatik aztertu ezkero, argi dago gauza garrantzitsua dela, enpresa handiek garrantzi handiena ematen diotelarik. Garagardo edangarriago batek etekin handiagoak ematen baititu.

Faktore desberdinek eragiten dute edangarritasunean: Egoerak, psikologiak, pertsonaren fisiologiak, garagardo estiloak eta garagardo beraren ezaugarriek.

Garagardoarekin zerikusia duten faktoreak kontutan hartu ezkero, estiloak garrantzi handia edukiko luke. Garratztasun, alkohol kopuru, gorputz, usain edo flabore handiko garagardoek edangarritasun gutxiago dute.

Estilo berbereko gargardo bat hartuta, garagardo borobilek (ezaugarri desberdinen “balantzea”) edangarritasun handiagoa dutela ikusten da. Enpresa handiek ekoizten dituzten Pilsner (munduan gehien edaten dena) estiloko garagardoa hartu ezkero, arroza, artoa eta azukrea bezalako ordezkoak erabiltzeak edangarritasuna handitzen duela ikusten da. Arroza eta artoa munduko garagardo enpresen %90-ak baina gehiagok erabiltzen dute maltaren ehuneko baten ordez.

Oineko hartziduraz ekoizturiko garagardoetan “freskotasuna” (ekoizpen datatik pasa den denbora) faktore garrantzitsua da baita, zaharragoak diren garagardoek edangarritasun gutxiago azaltzen dutelarik.

Garagardo enpresa handi batean lan egiten duen ikaskide ohi batek esanda, beraien enpresan, garagardoaren “drinkabitility” frogak egiten dituzte dastatzaile panel batekin, non garagardo bat bestearen ondoren edaten duten musika entzuten duten bitartean, aldi berean garagardoaren ezaugarrien deskribapena egiten dutelarik (garagardo bakoitzeko).

Jatorrizko dentsitatea

Garagardo baten jatorrizko dentsitateak hartzidurari hasiera ematean muztioak duen extraktu kantitateari buruzko informazioa ematen digu. Hau da, zenbat malta extraktu dagoen disolbaturik muztioan esaten digu, eta dentsimetro bat erabiltzen da hau neurtzeko (beste batean ikusiko dugu nola neurtzen den).

Datu hau dentsitate erreal bezala edo ehunekoan (masiko edo bolumetriko) eman daiteke:

Dentsitate erreala: gr/ml bezala adierazten da, ml bakoitzak zenbat gr. pisatzen dituen esanik.

Ehuneko masikoa edo º Plato (ºP) : 100 gr. muztio edo garagardok duen extraktua (gramotan) adierazten du.

Ehuneko bolumetrikoa: 100 ml. muztio edo garagardok duen extraktua (gramotan) adierazten du.

Datu hauek erreferentzi tenperatura batetan (20 ºC) hartzen dira, tenperaturak likidoaren bolumenean eragina baitu eta hortaz harturiko dentsitatearen balioan. Datua 20 ºC ez den tenperatura batean hartu bada, zuzenketa bat egingo da taula bat erabiliz. Taula  baten bidez ( Goldiner eta Kleman-en taula ikusi behean) ere dentsitate desberdinak neurtzeko modu desberdinetara pasa ditzakegu.

Adibide bezala, 11 ºP jatorrizko dentsitatea duen garagardo bat hartuko dugu. Garagardo honen muztioak 11 gr extraktu izango lituzke 100 gr.-ko  hartzidura hasieran (neurketa 20 ºC-tan eginik). Normalean, hartziduran jatorrizko extraktuaren 2/3 da hartzi daitezkeen azukreen kopurua. Taularen arabera, 1,04229 gr/ml-ko dentsitate erreala izango luke eta 11,47 gr/100 ml-ko (bolumetrikoan).

Jatorrizko dentsitate handiago batek, hartzidura emateko azukre gehiago emango lituzke, alkohol kopuru handiagoko garagardoak lortzeko aukera emanik. Bestalde, jatorrizko dentsitate txikiago batek, alkohol gutxiagoko garagardo bat emango luke.

GARAGARDOA DESKRIBATZEN: Karbonatazioa

Garagardoak duen karbonatazioa ahoko sentsazioa deskribatzean aztertu daitekeen ezaugarrietako bat da, “pikante” sentsazioarekin erlazionatuta dagoena.

Karbonatazioak garagardoak duen CO2 kopuruari buruzko informazioa ematen digu, hau handitzean, ahoan sortzen den “pikante” sentsazioa handitzen delarik. CO2 hau garagardo ekoizpen prozesuko hartziduran sortzen da, legamiak muztioaren azukreak alkohol eta CO2-an transformatzen dituenean hain zuzen ere.

Garagardo enpresaren lan egiteko moduaren arabera, gehienetan CO2 hau heltze ontzietan sortutakoa, botilan azukrea gehituz eginiko hartziduraz sortutakoa edo linean botilatu aurretik gehitutako kanpoko CO2-a izan daiteke.

Garagardo estilo desberdinek karbonatazio maila desberdinak izaten dituzte. Era berean, garagardo fabrika industrialek, karbonatazio mala desberdina ezartzen dute lata, botila edo grifoko garagardoa den arabera.

Garagardoak duen CO2 kopurua mantentzeko duen gaitasuna, tenperatura eta presioaren baitan dago, tenperatura jeisteak eta presioa igotzeak gaitasun hau handitzen duelarik eta alderantziz.

Hona hemen garagardo mota desberdin batzuen CO2 kopurua (Bolumenean):

                                           –  Ingalaterrako Bitter-ak= 0,75 – 1,3

                                           –  Dry Stout =                       1,6 – 2
                                           –  Pilsner =                           2,3 – 2,5
                                           –  Garizko alemaniarrak =   3,6 – 4,48
                                           –  Pale Ale =                          1,5 –  2,3