AURKEZPENA

Kaixo guztioi eta ongi etorri Garagardo ahotsa blog-era. Izenak berak esaten duen bezala, garagardoari buruzko blog bat da honako hau. Bertan , garagardoaren munduaren inguruko informazioa aurkituko duzu.
Blog hau sortzera bultzatu nauten arrazoiak hurrengoak dira:
Lehenik eta behin, nahiz eta zuetako askok badakizuen, garagardogintza munduan murgilduta nago eta hori dela eta, gai honen inguruan dagoen jakin nahiari erantzun bat emateko aukera egokia dela iruditu zait. Gainera, informazioaren bitartez gaur egun sektore honetan dagoen egoerari kutsu berri bat emateko aukera dela uste dut. Zein egoera? Normalean, garagardoaren munduan nahiko aukera gutxi dago ohituta gauden garagardoez gainerako produktuak lortzeko. Hau da, nahiz eta garagardo mota ugari egon, toki gehienetan garagardo mota berbera eskeintzen da.  Arraroa bada ere, garagardoarekin oso gauza bitxi bat gertatzen da jatetxe desberdiñetan. Nahiz eta jatetxea oso izen onekoa izan, ardo mota ugariren artean aukeratzeko beta izan, beste hainbeste ur mota… garagardoaren kasuan, askotan aukera bakarra izaten da, eta etxe ondoko tabernan edan dezakezun garagardo berbera izaten da askotan. Honen inguruan, garagardo mota ezberdinek eskeintzen duten aukera zalaba azaltzeko asmoa dago blog honetan, hauen artean, garagardotegi txikietan eta garagardo estilo desberdinak ekoizten dituztenetan gehiago sakonduz.
Bigarrenik, gai honen inguruan euskeraz oso gutxi idatzi dela iruditzen zait. Bila aritu naizen arren, ez dut garagardoari buruzko euskarazko blog-ik aurkitu. Horregatik, eta euskaraz gai ezberdinei buruz inolako oztoporik gabe hitz egin ahal izateko, gai horri buruzko informazioa mahai gainean jartzea ezinbestekoa da, gai horri buruzko hitzak euskaraz jakitea alegia. Eta nola ez, gai honi buruz euskaraz egitea. Orain arte, gai honi buruz zerbait jakin nahi izan dudanean beste hizkuntzetara jo dut, eta oso aberasgarria izan da, baina euskaraz ere honi buruz gehiago ikasi, hitz egin eta irakurtzeko aukera oso erakargarria dela iruditzen zait.
Eta azkenik, orain Madrilen bizi naiz (idatzi nuenean bai, orain 2012ko Maiatzatik aurrera Londresen nago) eta egunero pare bat gauza euskeraz idazteko aitzaki on bat da blog hau hastea.
Blog honen helburua ez da irakurle asko izatera iristea, garagardoaren munduan euskeraz informazioa lortu nahi duen edonork, hona jotzeko aukera izatea baizik.
Blog honetan ez dut garagardo ezberdinei buruzko iritzi pertsonalik emango, ez baitzait oso ondo iruditzen hori egitea nik enpresa konkretu batean lan egiten badut. Garagardo ezberdinei buruzko datuak eta berezitasunak emango ditut, iritzirik eman gabe, baino zuengan utziko dut garagardo desberdinei buruzko iritziak emateko aukera.
Zuen partaidetza eskertuko da, partaidetzarik gabe honek ez duelako zentzurik izango. Hortaz, edozein iritzi, aholku, komentario, kritika … lasai egin!
Aurkezpena nahiko luzea atera zait, baino esan beharrekoak esateko izan da. Ez larritu, aurrerantzean jartzen joango naizen informazioa ez baita hain luzea izango.
Milesker eta ea gustoko duzuen! Bihar garagardoa-ren deskripabentxo batekin hasiko gara. Hasieratik hasiko gara beraz!

Aio!