Joan den ostiralean garagardo mota desberdin ugari dituen taberna batetan sartzeko aukera izan nuen. Ez zen aurretik erabakitako gauza bat izan. Madril ondoan dagoen hiri batetan nengoen eta bertako antzokian antzerki antzelan bat ikusi ondoren zerbait hartzeko intentzioarekin sartu ginen taberna honetara.
Sartu bezain laster bi ezusteko oso atseginekin topatu nintzen. Lehenengoa, taberna horretan 50 garagardo desberdin baino gehiago zeudela jakitea, eta bigarrena, zuzeneko kontzertu bat zegoela jakitea.
Garagardo karta hartu eta begirada bat bota nion… Belgikako garagardo trapistak, garagardo alemaniar ugari, Lambic garagardoak, Stout garagardoa, artisau garagardoak etab. luze bat zegon aukeran!
Grifoko “Te Deum” ilun bat hartu nuen lehendabizi. Ondoren, enpresa bereko garagardo beltza aukeratu nuen (botilan) , garagardo beltzen oso zalea naiz eta, baina zoritxarrez, iraungitze data baina bi hilabete zaharragoa zen. Kamareroari honen berri eman eta inolako arazorik gabe beste garagardo bat aukeratzeko esan zidan (hozkailuan zituen garagardoak zakarrontzira botaz). Schneider Weisse enpresaren “Meine Hopfen-Weizen” (“Nire garizko-lupulu garagardoa“) garagardoa aukeratu nuen. 8,2% alkoholdun garizko garagardo bat, lupulu usaintsu askoz ekoizten dena, eta garagardoari bere izena eta izana ematen diona. Ikaragarri ona!! Ondoren Chimay garagardo trapista bat elkarbanatu nuen.
Gaua aurrera zioan eta teorian hiri honetan bertan eginiko artisau garagardo bat eskatu nuen. “Cerveza de ….” jartzen zuen, baina niri harraroa egiten zitzaidan hiri horretan ez baitago garagardo fabrikarik. Etiketaren letra txikia irakurri nuenean suposatzen nuena aurkitu nuen, beste artisau garagardo ekoizle txiki batek eginiko garagardo bat zen, baina bertako jendeak gehiago erostekotan, bertakoa bezala aurkezten dutena. Nire burura bi galdera etorri zitzaizkidan: Horrelakorik aurkitu ezkero, zer pentsatuko luke bezeroak? Zilegi irudituko al litzaioke?
Kontzertua iada bukaera aldera iristear zegoen eta beste garagardo bat eskatzera joan nintzen, oraingoan Kolonian askotan edandako Kölsch bat eskatu nuen, aspaldian edan gabe bainengoen. Zoritxarrez, honen iraungitze-data ere duela bi hilabete pasa zen. Ez galdetu zergaitik, baina ez nintzen bigarren aldiz garagardoa aldatzeko eskatzeko gai izan… Nire zentzuak hain fin ez zeudenez garagardoa edateko gai eta guzti izan nintzen.
Hainbeste garagardo desberdin edukitzeak hori izaten du batzuetan, jendeak maiztasun batekin eskatu ezean, garagardo mota batzuk hortxe gelditzen dira eta tabernariak konturatzen ez badira, horrelako egoerak aurki ditzakegu.
Hortaz badakizue, garagardo mota desberdinak eskaintzen dituen taberna batetara sartu ezkero, normalean edaten ez dituzuen garagardoak eskatu, eta horrela hauei irteera ematen lagunduko diegu! 😉