Atzo izan genuen LBA-ko bilera Camden Town mikrogaragardotegian. Camden Town enpresa 2010. urtean sortu zen Londresko Camdem Town zonaldeko Kentish Town West tren geltokiaren ondoan. Beste batean aurkeztuko dugu blogean sakonago enpresa hau.
Garagardo fabrika honek taberna bat ere badu bertan eta han izan genuen bilera. Aurpegi berri asko ikusi ziren bertan, iada Londresen 41 garagardo enpresa baitaude eta garagardotegi berri hauetako kide batzuk lehen aldiz gerturatu ziren LBA-ko bilerara. “Brew by numbers” eta “Revenge”-ekoak adibidez.
Atzokoan Charles Faram lupulu enpresako aditu bat izan genuen, aurtengo lupuluen uzta desberdinak nola joan diren (Herrialdeka) zein sektore honen inguruko beste datu interesgarri batzuen inguruko aurkezpen bat egin zuen. Hiru ordu laurden inguru aritu zen. Bihar azalduko ditut blogean berak komentaturiko datu interesgarrienak.
Behin aurkezpena bukatu ondoren, ohiko bileraren txanda iritsi zen, Maiatzean LBA-k London Fields Brewery-n egingo duen garagardo festa izan zelarik gai nagusia.
Bileraren ostean Camden Town-eko garagardoak edaten jarraitu genuen, afaltzeko patata purea eta haragia izan genuen, Stout batekin batera nire kasuan.
LBA-ko beste kide batzuekin berriketan egiteko aukera izan nuen etxera joan aurretik, eta The Kernell-ek ekoizten duen London 1890 Export Stout garagardo paregabearen inguruko bi datu interesgarriren berri izan nuen. Urte honetako Stout errezeta hau nola lortu zuten galdetu nien. “Deszifratzeko” (erdi kodifikatuta daudelako…) zailak diren garagardo errezetak argitaratzen dituen blog batetatik hartu omen zuten. Bigarren gauza interesgarria errezeta honek izan duen “aldaketa” izan da. Hasiera batean %7,5 alkohol kopurua duen Export Stout-a ekoizten zuten, baina garagardo ekoiztean alkohol kopuruaren arabera ordaindu behar izaten den tasa dela eta (% jakin batetik aurrera asko handitzen da), % 6,7-koa egiten hasi ziren.
Bihar lupuluen inguruko berriak izango ditugu esan bezala. Ongi izan!