Bueltan dator berriz Garagardo Ahotsa! Nahiz eta uda oraindik ez den bukatu, zuei garagardo munduari buruzko gauza gehiago partekatzeko asmoarekin nator, edo behintzat gai honen inguruko nire ikuspegia elkarbanatzeko asmoarekin.
Uda Londresen hasi nuela iada kontatu nizuen, eta nahiz eta lanean pasa dudan (eta jarraitzen dudan…), garagardo desberdinak ezagutzeko aukera izan dut.
Uztaileko azken asteburuan adibidez Bristol aldera joan nintzen hiria bera ezagutzeko eta asteburu horretarako antolatua zegoen jaialdi batetara joateko. Bristol bertan bi mikrogaragardotegi daude gutxienez, gutxienez diot nik biren berri izan bainuen. Ekoizle txikiak biak baina negozio kontzeptu desberdinarekin.
Bristol Beer Factory da hauetako baten izena, eta Zerodegrees bestearena. Pasteurizazio eta iragazpenik jasan ez duten garagardoak ekoizten dituzte bi enpresek, baina lehenengo botilako ekoizpenean dago murgilduta, eta bigarrenak ekoizpen toki berean duen jatetxean saltzen du garagardoa (300 bat pertsonek jateko tokia dute).
Lehenengoaren garagardoak taberna batetan ezagutu nituen. “Southville hop” amerikar estiloko IPA da probatu nuen lehena. Ondoren etxerako garizkoa eta milk stout garagardoa hartu nituen. Bristol Beer Factory duela 7 urte sortu zen, lehen zegoen tabako fabrikaren eraikina erosi ondoren.
Zerodegrees-ek Alemaniako hiri askotan aurki ditzakegun mikrogaragardotegi jatetxe baten kontzeptua du. Bertan edaten da gehienbat tokian ekoizten dena. Oso pizza onak egiten dituzte bertan, pasta eta arroz desberdinez aparte.
Pilsner, Pale Ale, gari eta garagardo beltza ekoizten dituzte, eta aldakorra den garagardo berezi bat ere egoten da. Bertako maisu garagardogilea alemaniako neska gazte bat da, Anna izenekoa, eta 1500 litrotako muztioa ekoizteko makinariarekin lan egiten du.
Beno, oporretatik bueltan idatzitako lehenengo sarrera izateko asko idatzi dudala uste dut gaurkoz… biharrarte!