Kroazian pasa nuen 2. eguna Split hiriko kale eta portu aldea ikusteko probestu nuen, Hvar irlara eramango ginduen itsasontzia hartzeko ordua iritsi zain.
Argazkietan ikusten dena portu ondoko parketxo bat da, nahiko txukun dagoela dirudien arren, bertako belarditxoak garagardo txapez beterik daude!
Botilarik ez zen ageri, atzo komentatu genuen bezala, dirua bueltatzen baitute botila hutsak bueltatzean… Dirua tartean ez bada ez al gara ba gai gauzak arduraz egiteko?
Portu ondoko jatetxe batetan afaldu genuen eta Zagreb-en ekoizten den Tomislav garagardo beltz bat eskatu nuen. Tomislav Kroaziako lehenengo erregea izan omen zen eta garagardo beltz hau bertan ekoizturiko lehena izan zelako jarri zioten izena. Garagardo honekin batera “arroz beltza” (txipiroi tintan), bertan plater tipikoa dena, txigortutako haragia eta patata frijitu batzuk jan nituen.
Garagardo beltz bat izateko ez zitzaion garagardo estilo honetako beste garagardo batzuek izan ohi duten kafe edo txokolate usainik, malta txigortu usain pixka bat besterik ez zen nabari. Iragazi eta pasterizaturiko gorputz gutxiko garagardo komertzial bat da, antioxidatzaile (gehigarri bat) bat daramana. Bertan edandako Pilsner komertzial ugari baina gusturago edan nuela aitortu beharra daukat. Stout edo porter artisau garagardo bat faltan bota nuen janariarekin batera hartzeko baina hori zen zutena.
Bazkaldu ondoren iada Hvar irlara joateko itsasontziruntz habiatu ginen! 😉