Iada idatzi dugu behin baina gehiagotan makina bat janari-garagardo aholkuren inguruan orain arte, baita bideoren bat ikusi ere, ba gaurkoan, norberak bere kabuz garagardoa eta janari desberdinen arteko konbinazioekin jolasten hasteko kontutan hartu ditzakezuen aholku orokor batzuek dituzue hemen:
1.- Bi garagardo mota desberdin aukeratu plater bakoitzeko, horrela kontrakotasun eta antzekotasun propietateak zein eragin duten ikusteko aukera izango duzue alde batetik, eta zein garagardo estilo doakion hobe plater horri ere ikusteko aukera izango duzue.
2.- Intentsitateak batu. Zapore intentsitate handiko platerak garagardo “potenteagoekin” (alkohol kopurua, garratztasuna, txigortasun ezaugarriak, malta profila etab. bezalako ezaugarriak begiratuz garagardoaren intentsitate kasuan) ongi konbinatu daitezke, zapore gutxiko platerak garagardo “suabeagoekin” bezala.
3.- Konbinazioaren helburu bezala, garagardoa bakarrik edatea edo janaria bakarrik jatea baino esperientzia hobea lortzea dela pentsatu.
4.- Janari edo garagardo gozo batek beste garagardo edo janari baten gozotasuna pixka bat neutralizatuko du.
5.- Azidotasunak azidotasuna gustuko du. Hau da, Lambic bezalako garagardo azido bat janari azidoekin oso ondo moldatuko da.
6.- Azidotasunak gantza eta gatzak ahoan utzitako sentsazioa “garbitzen” du eta gantzak eta gatzak azidotasunarena.
7.- Kontrakotasun, antzekotasun eta garbitzeko gaitasuna kontutan hartu, adibidez:
Maltaren kasuan: Malta txigortu zaporeak janarien gozotasuna gutxitzen du adibidez.
Lupuluaren kasuan: Lupuluen garratztasunak janari edo maltaren gozotasunarekin kontrastatzen du, lupulu batzuekin lortu daitezkeen “belar/zitriko/loredun” usainek plater batzuen usain berberekin antzekotasunaz konbinatzen dutelarik.
Garagardoaren karbonatazioak ahoan gera daitekeen gantza “garbitzen” laguntzen du kozkada eta kozkada artean.
Baina garrantzitsuena zuen baitan dago, konbinazio desberdinekin jolasteko eta gozatzeko duzuen gogoaren baitan!