Crystal malta oraindik hezetasuna duen garagar malta txigortu baina lehen beratze tenperaturetan (65-75 ºC inguruan) berotuta lortzen da. Oraindik hezea dagoen malta honetan almidoiaren hidrolizazioa ematen da tenperatura horietan, azukrea sortuz eta honen karamelizazioa emanez. Malteatze prozesua txigorketarekin bukatzen da, azken prozesu honen denbora desberdinek Crystal malta mota desberdinak emango dizkigularik: Crystal malta argia, crystal malta ertaina eta Crystal malta iluna.
Kolorea: Esan bezala kolore desberdinetako Crystal maltak aurki ditzakegu. Argiak 40-80 EBC bitartean, ertaina 90-150 EBC bitartean eta Crystal malta ilunak 160-250 EBC artean ditu.
Erabilera: Garagardo estilo desberdinak ekoizteko erabiltzen da malta mota hau. Ehuneko desberdinetan amerikar garagardo gorriak, Pale Ale, amerikar IPA, bitter ingelesak, munich lager iluna etab. bezalako garagardo estilo zabal batetan erabilia.
Ehunekoa: Malta kargaren %15-20 gehienez.
Ezaugarriak: Crystal malta mota eta kopuruaren arabera, kolore gorrixka argi edo ilunago bat gehitu diezaiokegu garagardoari. Hartzi ez daitezkeen azukre ugari ditu, garagardoari gozotasun puntu bat eman eta gorputza gehitzen diona. Era berean, oso lupulatuak diren garagardoetan gehitu ezkero, garagardo orekatuago bat lortzen laguntzen du. Karamelu, gaileta eta antzeko zaporeak ematen ditu, crystal malta mota bakoitzak ezaugarri desberdinak dituelarik.