Euskal Herrian dagoen beste garagardo enpresa txiki bat aurkeztuko dugu gaur, Idoia eta Joseluk sortua: Baias. Gaur egun errealitate den proiektu honen hazia Argentinako Patagoniara eginiko bidai batean erein zela esan daiteke, han ezagutu baitzuten lehendabiziko aldiz “mikro” edo “mikrogaragardotegi” (eskala txikian ekoizturiko garagardo enpresa txikia) bat, El Chalten izeneko herrixka batean.
Urte batzuk beranduago (2006) garagardoa etxean ekoizten hasi ziren eta 2010. urtean gaur egun erabiltzen duten makinaria lortu eta martxan jarri ziren. Garagardoaren izena Gorbean dagoen Baias errekari zor zaio, bertatik hartzen baitute hau ekoizteko erabiltzen duten ura.
“Ambar” izena duen Pale Ale garagardo bat ekoiztu zuten lehenengoz, eta ondoren porter garagardoa ekoizten hasi ziren. Bezeroek zertxobait suabeagoa zen garagardo bat eskatzen zietenez, “Gari” izeneko garizko garagardoa kaleratu zuten. Orain dela gutxi Kölsch estiloko garagardo horixka bat atera berri dute, produktu “Ekologikoa” azken hau.
Garagardo mota desberdinak 500 l/ekoizpen bakoitzeko ahalmena duen makinaria batekin egiten dituzte, 2 orduko beratze prozesu bat, iragazpena eta muztioaren egosketa (eta lupulu gehiketa) eginik. Behin muztioa egosten bukatzean, hoztu eta legamia gehitzen dute, hartzidura aste bete eta bi aste bitartean (garagardoaren arabera) ematen delarik. Ondoren, garagardoa botilatu eta 15 egunez karbonatatzen dute, hilabete eta erdi gehiago heltzen utzirik.
Lehen esan bezala, hauek dira ekoizten dituzten produktuak:
-Ambar (Pale Ale) -Beltza (Porter) -Gari (Garizkoa) – Eko (Kölsch )
Mila esker denagatik Idoia eta Joselu!
(Informazioa 2013ko Apirilean eguneratua)