Garagardo baten jatorrizko dentsitateak hartzidurari hasiera ematean muztioak duen extraktu kantitateari buruzko informazioa ematen digu. Hau da, zenbat malta extraktu dagoen disolbaturik muztioan esaten digu, eta dentsimetro bat erabiltzen da hau neurtzeko (beste batean ikusiko dugu nola neurtzen den).
Datu hau dentsitate erreal bezala edo ehunekoan (masiko edo bolumetriko) eman daiteke:
Dentsitate erreala: gr/ml bezala adierazten da, ml bakoitzak zenbat gr. pisatzen dituen esanik.
Ehuneko masikoa edo º Plato (ºP) : 100 gr. muztio edo garagardok duen extraktua (gramotan) adierazten du.
Ehuneko bolumetrikoa: 100 ml. muztio edo garagardok duen extraktua (gramotan) adierazten du.
Datu hauek erreferentzi tenperatura batetan (20 ºC) hartzen dira, tenperaturak likidoaren bolumenean eragina baitu eta hortaz harturiko dentsitatearen balioan. Datua 20 ºC ez den tenperatura batean hartu bada, zuzenketa bat egingo da taula bat erabiliz. Taula baten bidez ( Goldiner eta Kleman-en taula ikusi behean) ere dentsitate desberdinak neurtzeko modu desberdinetara pasa ditzakegu.
Adibide bezala, 11 ºP jatorrizko dentsitatea duen garagardo bat hartuko dugu. Garagardo honen muztioak 11 gr extraktu izango lituzke 100 gr.-ko hartzidura hasieran (neurketa 20 ºC-tan eginik). Normalean, hartziduran jatorrizko extraktuaren 2/3 da hartzi daitezkeen azukreen kopurua. Taularen arabera, 1,04229 gr/ml-ko dentsitate erreala izango luke eta 11,47 gr/100 ml-ko (bolumetrikoan).
Jatorrizko dentsitate handiago batek, hartzidura emateko azukre gehiago emango lituzke, alkohol kopuru handiagoko garagardoak lortzeko aukera emanik. Bestalde, jatorrizko dentsitate txikiago batek, alkohol gutxiagoko garagardo bat emango luke.