GARAGARDO NATURALA

Bihar eta etzi garagardo mota desberdinen sailkapenari buruz hitz egingo dugunez, gaurkoan garagardo natural edo artisau bat ezagutzen ditugun garagardo komertzialetaz zertan bereizten den ikusiko dugu, prozesuko desberdintasun garrantzitsuenak zein diren azalduz.

Garagardo natural bat ekoiztean ez da gehigarririk erabiltzen.

Hartzidura eta heltze prozesua emateko, 4 aste behar izaten dira gutxienez garagardo naturalaren kasuan (oineko hartziduraz ekoizturikoen kasuan). Garagardo industrialak ordea, hartzidura ematen den tenperatura altuagoa dela eta, 2-3 aste behar izaten ditu. Jatorrizko dentsitatearen arabera, azaleko hartziduraz ekoizturiko garagardoek denbora gehiago edo gutxiago beharko dute hartzidura eta heltze prozesua egiteko.

Botilatu aurretik gainera, ez da garagardoa iragazten, eta horretaz gain, garagardoak ez du inolako tratamendu termikorik jasaten (beste garagardoek normalean pasteurizazio bat jasaten dute). Hau horrela izanik, garagardo natural batean legamiak garagardoan jarraitzen du, egun ezagutzen ditugun garagardoetan gertatzen ez dena. Honela, garagardo naturala produktu “bizi” bat dela esan dezakegu, legamiak nolabaiteko jarduera bat izanik.

Garagardo naturalek ez dute hainbeste anhidrido karboniko (botilan bigarren hartzidura bat ematen ez denean), ez baitzaie anhidrido karbonikorik gehitzen, duten karbonikoa, hartziduraren bitartez modu naturalean sortutakoa da. Botilan bigarren hartzidura bat eman ezkero (azukrea edo muztioa gehituz), anhidrido karboniko kopuru hau handiagoa izango da.

Garagardo natural bati egonkortzeko prozesu termikorik ematen ez zaionez, oso garrantzitsua da hau gordetzen dugun tenperatura. Garagardo natural bat 10 ºC-ko tenperatura baino hotzagoa den toki batean gordetzea gomendatzen da (estilo batzuk salbuespena dira), beraren propietateak ahal den hoberen mantentzearren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude